Iker Espelosin –argazkian– pilotari gazteak bi astez bi txapel irabazi ditu, Nafarroako txapelketan bat eta Belatekoan bertzea, bietan Enaitz Anso legasarrarekin batera. Nafarroako txapelketan ligaxkako partida guztiak irabazi ondotik, San Jose Egunean Zizur Nagusian jokatu zuten finala, eta 18-13 irabazi zioten Burlatako Mugiro eta Ezkirozi. Belateko txapelketan ere partidarik galdu gabe ailegatu ziren martxoaren 28an Otsagabian jokatu zen finalera. Final honetan ere txapela eskuratu zuten, 18-15 irabazi baitzieten Lesakako Txoperena eta Igantziko Kanabali. Ikerren beste anaia ere, Andoni, nahiko ongi aritu da, Nafarroako txapelketan finalerdietara ailegatu zen baina ez zuen finalerako txartelik lortu. Belateko txapelketan, berriz, finalera ailegatu zen Narbarteko Albiasurekin batera, baina finalean galdu egin zuten Igantziko Telletxea eta Lesakako Olaizolaren aurka.