Bitartekaririk gabe saltzen duten baserritarrak gero eta gehiago dira

Gurutze PIKABEA 2010eko apirilaren 13a

Beñat Lekuona Sarako baratzezainak astero etxeko produktu freskoekin egindako otarrea ematen die hainbat familiari Saran eta Donibane Lohizunen. Kontsumo Taldeetan antolatutako erosleak dira. Gurutze

Garai batean baserritarrak zuzenean saltzen zizkion etxeko produktuak bezeroari, azokan edo etxean. Denborarekin, ordea, bitartekariak sartu ziren tartean eta azken urteotan, baserritarren kalterako, saltoki haundietara joateko ohitura haundia dago. Halere, bada oraindik produktu freskoa nahiago duenik ere eta horretarako dendara joan ordez, zuzenean nekazari edota abeltzainengana jotzen duenik ere.

AHT-A BARATZE ERDITIK
Donibane Lohizunen Lekuonak duen baratzea erditik zatitzea aurreikusia dago Abiadura Haundiko Treinbidearen proiektuan.

SALMENTA BEREZIA
Esne fresko pasteurizatua ematen duten makina dute Jauregia gasnategikoek Elizondon eta egunean 80-90 litro saltzen dituzte.

3.500 KILO ESNE
Urtean 3.500 kilo ardi-gazta egiten dituzte Gorritz baserrian –25.000 litro esne– eta gehienak Leitzan saltzen dituzte.

Gero eta baserritar gehiago dira aurrez-aurreko salmentarekin ari direnak, etxeko produktuak bitartekaririk gabe saltzen dabiltzanak, alegia. Eta baserritik bizi direnak gero eta guttiago diren arren, merkatuaren beharretara moldatu eta baserriko lanetik bizi direnak ere badira: Beñat Lekuona, Aitor Azkarate eta Xabier Sestorain dira horietako batzuk.

Sarako baratzezaina
Sortzez Biriatukoa baina Saran bizi den Beñat Lekuona baratzean egiten duenetik bizi da. Saran dituen 15 hektarea eta Donibane Lohizunen dituen bi hektareatatik ateratzen dituen baratzekariak bi herriotan saltzen ditu. Duela 15 urte hasi zen Donibane Lohizuneko merkatuan saltzen, anaiak hasitako bideari erreleboa hartutakoan. Dena den, etxean ttikitatik baratzean ibilia da. Kontatu digunez, urteotan bezeroak aldatu egin zaizkio:  «lehenago adineko jendea bakarrik etortzen zen eta orain bikote gazteak ere hasi dira, gehienbat lehenbiziko haurra izatean». Merkatura doana kalitate bila doala ziur dago: «badakite nik ez dudala tratamendu kimikorik ematen eta horretarako heldu dira».
Merkatuko salmenta ongi zihoan arren, duela bi urte Kontsumo Taldeekin hasi zen lanean. Nekazal produktu batzuk zuzenean baserritarrari erosteko osatzen diren taldeak dira Kontsumo Taldeak eta Ipar Euskal Herrian hedapen haundia dute. AMAP edo landa eremuko nekazaritza mantentzearen aldeko  elkarteetan antolatzen dira. Lekuonak Donibane Lohizuneko AMAPen deia jaso zuen 2008an, barazki freskoekin egindako otarreak saltzeko prest ote zegoen galdetuz. Ehun interesatu baino gehiago zeuden, baina baratzezaina 15ekin hasi zen, eta orain 26 familia ditu. Eta Saran ere berdin hasi da. «Etxerat etorri nahi zuten erostera eta taldean antolatzeko erran nien». 10-12 familiarekin hasi eta gaur egun 15 ditu Saran. «Gehiagok ere nahi lukete, baina ez dut aski».
Kontsumo Taldeko kideek sorpresan jasotzen dute otarrea. Sasoiko produktuekin hornitzen du, baina bezeroek ez dute jakiten zer izanen duten. Astearte arratsaldero, Sarako plazan egiten dute hitzordua eta bezeroak orduan joaten zaizkio otarrearen bila. Ordaindu, berriz,  hilabete hastapenean egiten diote.
Badu, ordea, kezka haundiagoa eragiten dion bertzelako kontua: Abiadura Haundiko Treinbidea. Proiektuan Lekuonaren Donibane Lohizuneko baratzea erditik zatitzea aurreikusia dago. Lehendik treinbidea izanda eta erabili gabe egonda, berria egitea «zozokeria haundia» dela iruditzen zaio, eta gainera, «diru aldetik nire etxerako gauzarik inportanteena han da. Ez dut Sararat ekartzen ahal, bezeroak gehienbat han baititut». Itxaropen bakarra «treinbidea ez egitea» dela aipatu digu, eta helburu horrekin, politiko eta hedabideengana jo du.

Anizko Jauregia
Anizko Jauregia baserrikoek zuzenean baina modu berezian saltzen dute etxeko behien esnea: esne fresko pasteurizatua ematen duten makinen bidez. Elizondon paratu zuten lehenbizikoa, eta horrekin «kontent» daudela erran digu Aitor Azkaratek. «Inguruko jendeak hemengo produktua baloratzen du», dio. Asteburuetan eta udan, turista gehiago dabilenean, gehiago saltzen badute ere, bataz bertze, egunean 80-90 litro saltzen dituzte makinatik. Aldiz, Atarrabian paratu zutena kendu behar izan dute, ez zuelako funtzionatu eta «ikusi genuelako jendeak ez zuela produktua baloratzen».  Makinaz gain, etxean duten dendan ere saltzen dute esnea, baita gazta eta esnekiak ere. Azken hauek inguruko denda ttiki eta Interneten ere (www.jauregia.net) aurki daitezke. Baina Internetek «arrakasta ttikia» duela aipatu digu Azkaratek. Hauxe arrazoia: «salmenten %80-90 eskualdean egiten dugu, eta etxeko eta inguruko dendetan badaude gure produktuak». 

Leitzako Gorritz BASERRIA
Nekazaritza ikasketak bukatu, urtebete eraikuntzan lan egin, eta 19-20 urte zituela hasi zen Xabier Sestorain Leitzako Gorritz baserriko semea etxean lanean, eta hortik bizi da. Etxean dituzten 300 bat ardiren esnearekin egindako gaztak saltzen dituzte, eta horrez gain, axuriak ere bai harakinari, eta noizean behin etxera etortzen denari. Gaztak, berriz, Leitzan astero egiten den azokan eta etxean saltzen dituzte gehienak, eta «ale batzuk dendan», dio Sestorainek. Bezeroak ere gehienbat herrian dituzte, nahiz eta Iruña eta Gipuzkoa aldetik ere bakarren bat etorri, eta turistak ere bai opor garaian. Urtean 3.500 kilo gazta inguru egiten dituzte, hau da, 25.000 litro esne.
Krisiaz galdetuta, «azken urtean salmentan ez dugu arazorik izan», erantzun digu, baina gazta guztiak «etxeko esnearekin egiten ditugulako». Esnearen «gehiegizko produkzioak» kezkatzen du leitzarra: «horrek prezioaren jaitsiera dakar zuzenean». Bere irudiko, «ustiategi haundi batzuk esne asko ateratzen ari dira eta epe ertainera, ondorioak ekarriko ditu, eta zoritxarrez, prezioaren jaitsiera izanen da». Alde horretatik, «zaila» ikusten du etorkizuna. Krisiarekin jendea «beldurtua» dagoela uste du eta horregatik, «jendea merkearen bila» dabilela. «Garrantzia eman behar genioke bertakoa mantendu eta gaur egungo baserritar kopurua eusteari. Bestela, baserritik ia inor ez da biziko».

Beñat LEKUONA, Sarako baratzezaina. «Jendea izitua dago alde guzietan gaitzak agertzen ari direlako eta ongi jan nahi dute»

«Sara, Donibane Lohizune, Azkaine, Senpere eta Ziburukoak ditut bezero gehienak eta udan turista franko ere etortzen dira. Gan den udan beldur nintzen zer pasako ote zen krisiarekin, baina sekula baino hobeki saldu nuen. Krisia bada, baina bertze aldetik, jendea izitua dago alde guzietan gaitzak agertzen ari direlako eta ongi jan nahi dute. Jateko gauza da jendeak azkenik kenduko duena. Krisia baino arazo haundiagoa dut nik orain. Treinbide laisterraren proiektuan Donibane Lohizuneko nire baratzea erditik zatitua ageri baita eta horren kontra borrokan ari naiz».

Aitor AZKARATE, Anizko Jauregia baserria. «Kopuruaren aldeko apustua egitea baino hobe da kalitatearen alde egitea»

«Abeltzaintzan beti izan da krisia, ez da gaurko afera eta etorkizuna ere nahiko beltz dago. Baina etxeko produktuak oraindik baloratzen ditu jendeak eta prest dago ordaintzeko. Orain esne ekologikoa ekoizten hasiko gara eta horretarako Kontsumo Taldeei galdetu diegu. Salmenta zuzena eginen genuke eta bezeroarekin harreman zuzena eduki eta hori guri interesatu egiten zaigu. Zenbat eta bitartekari gutiago izan, orduan eta hobeki. Bide berriak landu beharra dago eta kalitateko produktuak eskaini nahi ditugu. Kopuruaren aldeko apustua egitea baino hobe da kalitatearen alde egitea».


Xabier SESTORAIN, Leitzako Gorritz baserria. «Eroslea produktu merkearen bila dabil, eta hori industrialki egiten den ustiategietan lortzen da»

«Jendearen erosteko ohiturak aldatu  egin dira. Lehenago balio gehiago ematen zitzaion janariari eta orain gero eta gutxiago ematen zaio, batez ere, hirigunean. Sistemak berak ere saltoki haundietara joateko kontsumo eredua bultzatzen du. Gainera, garai batean garrantzitsuak ez ziren gauzak orain hala dira, adibidez, kanpora joatea. Lehenago gutxi ateratzen zen kanpora eta jendeak gutxi gastatzen zuen horretan. Orain, ordea, jendeak beste gauza batzuetan gehiago gastatzen du eta gutxiago janarian. Eroslea produktu merkearen bila dabil, eta produktu merkea industrialki lan egiten duten ustiategitan lortzen da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun