Sortzez zubietarra da Xabier Mutuberria enpresaria, baina txikitatik ibili da etxetik kanpo. Ingeniaritza ikasketak akitutakoan, Fagor taldean hasi zen lanean, eta azken 24 urteotan 4.000 langile dituen Orona igogailuen enpresan dabil. Gainera, 1999tik zuzendari nagusia da. Aurten, berriz, Gipuzkoako Bazkundeak Urteko enpresaria saria eman dio. Herritik kanpo bizi arren, herriarekin ez duela harremanik galdu aitortu digu: «Zubietako betiko lagunak eta herria nire bihotzean eramaten ditut munduan zehar».
KRISIA ESKUALDEAN
«Ezagutzen ditudan industriak multinazionalen eskuetara pasatu dira eta hauen erabakiguneek ez dute inongo mugarik produkzio azpiegiturak lekuz aldatzeko. Gaur egungo lehia handiarekin, langilegoaren parte-hartzea, elkartasuna eta inguruarekin solidaritatea bezalako balioak etorkizunerako garaipen ardatzak bilakatu dira»
Zer erran nahi du Gipuzkoako Urteko enpresaria saria hartzeak?
Gure kooperatiba taldea-ren goiburuak esaten duen bezala, elkarrekin urrunago. Sari hau Oronako langile guztiena da.
Ardura haundia sortzen al dizu zuzendari nagusi izateak?
Talderik gabe ez dago zuzendaritzarik. Orona taldeko bazkideen eta langile guztien elkartasuna eta konpromisoa dira garrantzitsuenak eta giro horretan zuzendaritzaren lana asko errazten da.
Krisi garaian izanik, zein balantze eginen zenuke Oronaren inguruan?
Momentu honetan Orona taldea oso ondo doa eta etxeko lanak aurretik eginda zeuzkan krisia gainditzeko. Horrek etorkizunari begirada sendoa eta argitsua ekartzen dio. Iaz ere gure etekinak oso onak izan ziren, historian atera ditugun onenak.
Non dago Oronaren merkatua?
Gaur egun, mundu osoan aritzeko gaitasuna beharrezkoa da eta Orona aspalditik dabil bide horretatik. Momentu honetan 92 herrialdetan dauzkagu salmentak eta herrialde askotan merkatuaren lidergoa daukagu. Egunero munduan 100 milioi pertsona mugitzen dira gure igogailu eta mugikortasun sistematan.
Proiektu berria egitekoa du Oronak Hernaniko Galarretan. Azaldu...
Guztiaren gainetik, berrikuntzak garapenaren ardatz nagusiena izaten jarraitzen du. 2009an berrikuntzaren alde egin dugun erronkaren adierazgarri nagusia eta oso garrantzitsua Donostia Parke Teknologikoa Galarretara zabaltzea izan da. Egitasmo honekin zientzia eta akademien eremuak berrikuntzarekin elkar eragitea lortu nahi dugu, igogailuen sailak merkatuak eskatzen duen teknologia maila bermatzeko. 108.000 metro koadroko azalera eta 160 milioi euroko inbertsioarekin, proiektu honen bitartez, goi mailako mila lanpostu sortuko dira, eta enpresa, zientzia eta akademia eremuak leku berean kokatzea lortu da.
Sakanaren ondotik, Nafarroan gure eskualdea da langabeziak gogorren jo duena...
Lurraldeko enpresa sarea ez dut ondo ezagutzen, baina krisia orokorra da eta sektorea anitzekoa izanda, gogor jotzen ariko denaren susmoa daukat. Krisiaz hitz egiteari utzi behar diogu, konponketei buruz mintzatzeko ordua da. Ekonomia aro desberdin batera egokitu behar dugu eta etorkizunari begira goi mailako lanbidea sortzea beharrezkoa da. Orduko kostuan oinarritutako lehiakortasuna erabili izan da aurreko aro ekonomikoan, baina etorkizunean ez da erabilgarria izango. Ezagutzen ditudan industriak multinazionalen eskuetara pasatu dira eta hauen erabakiguneek ez dute inongo mugarik produkzio azpiegiturak lekuz aldatzeko. Gaur egungo lehia handiarekin, langilegoaren parte-hartzea, elkartasuna eta inguruarekin solidaritatea bezalako balioak etorkizunerako garaipen ardatzak bilakatu dira. Nafarroako kooperatibaren munduan milaka lanbide daude eta etorkizun handikoa da.
Nolakoak izanen dira krisia akitu ondorengo urteak?
Krisi honek aurreko guztiak bezala bereizgarriak ditu. Oraingoan espekulazioa eta finantza merkatuen gardentasun eza izan dira sortutako burbuilaren arrazoiak. Krisitik atera garela ez da benetan nabarituko 2014a baino lehen eta bizi izan dugun ekimen maila altuak ez dira berriro izango. Etorkizunean lanpostu merkatuan jaitsiera nabarituko da. Laburbilduz, berreskuratzea mantsoa izango da eta ekimen eta enplegu mailak murriztuagoak izango dira.