Jende aunitz bildu zen Bazko Astelehenez Saran, Idazleen Biltzarraren 27. Edizioaren karietarat. Goizeko 10etan ireki zituen ateak Biltzarrak, baina 11ak aldera jendez gainezka gelditu zen Sarako kiroldegia eta hala izan zen bazkalordua etorri arte. Arratsaldean, berriz ere gainezka bete zen Ipar Euskal Herriko idazleak eta argitaletxeak hartzen dituen gunea.
Idazleen Biltzarra Pazko astelehenez Saran antolatzen duten liburu azoka da; baina, liburu azoka baino gehiago, irakurleek idazleekin elkartzeko duten aukera aproposa da. Hainbat liburu berri ezagutzeko eta erosteko aukera ere ematen du azoka horrek. Aurtengoan, Jacques Antz, Marie-Denise Marckert Elso eta Guy Lalanne-ren Frontière, Contrebande et Ventas liburua plazaratu du Jakintza argitaletxeak.
Xabier Soubeletek Donibane Lohizuneko Begiraleak dantza eta kantu elkartearen 50 urteen kari argitaratutako liburua aurkeztu du. Henri Duhauk hiru lan ekarri ditu Sarara. Batetik, Euskaltzaindiarekin batera argitaratu duen bilduma bat eta bertzetik, Lapurdiko ihauteria eta mutxikoen pizkundea liburua. Bi idazle horiek arratsaldeko ekitaldian aurkeztu dituzte publikoki beren argitalpen berriak.
Auxtin Zamorak Sara etxez etxe lanaren aurkezpena egin du. Sarako etxe guztiak, orain daudenak eta garai batez izan zirenak eta desagertutakoak, lokalizatu ditu. Etxeen zerrenda hori liburu batean argitaratu du eta Google Maps programan sartu.
Eneko Bidegainek Gerla Handia, muga sakona liburua aurkeztu du. 1914-1918ko Lehen Gerla Mundialari buruzko liburua da.
Euskal literatura sailean, Beatrice Urruspil idazle gaztearen lana nabarmendu ahal izan zen Elkar argitaletxearen mahaian. Gizaki bakartiak ipuin bilduma atera berria du. Pantzo Irigaraik Poto izeneko eleberria atera du Maiatz argitaletxearekin. Bertan, umorez beterik aipatu nahi izan du bertso mundua, eta BECen izandako bertso txapelketa nagusiko finalaren parodia bat eskaini du.
Peio Etxeberri-Aintxartek Louis XIV et le Pays Basque liburua idatzi du, Elkar argitaletxearekin. Jean-Pierre Etxeberrik bi liburu atera ditu: bata ijitoei buruzkoa, Souvenir d"un rachail (au milieu des gitans), eta bestea St Paul ou les chemins de la vraie liberté (askatasun bidea). Pierre Landetek Montrez-moi Guernica argitaratu du.
Azken hamabi hilabeteetan argitaratutako euskarazko eta frantsesezko bertze dozenaka liburu ikusteko eta erosteko aukera ere bazegoen astelehenean Saran.
De la Cerda eta Etxamendiri omenaldia
Bertzalde, urtero bezala, Sarako Biltzarrak omenaldi berezia egin zien kulturgintzako bi pertsona ezaguni. Aurten, Eñaut Etxamendi idazle eta kantaria eta Alexande De La Cerda kazetaria omendu dituzte. Etxamendi Ezterenzubin (Nafarroa Beherea) sortu zen. Nekazari eskolako irakasle izan zen bere bizitzan, eta baita nekazari ere. 30 bat urtez kantari ibili zen, Eñaut Larralderekin batera, Etxamendi eta Larralde bikotean. 80 kantuz gora idatzi eta konposatu zituen. Baina ez zuen hori bakarrik egin. Hainbat testu ere idatzi zuen, artikuluak, iritziak, ipuinak edota eleberriak. Maiatz argitaletxea Etxamendiren testu guztien argitaratzen ari da, eta aurten 2. eta 3. tomoak kaleratu ditu. Orotara, zazpi tomo izanen dira.
De La Cerdak lan handia egina du kazetaritza arloan. 1968an Donostiako eta Bilboko Herri irratietan hasi zen berri-emaile lanetan. Geroago, 1979tik landa, Radio Adour Navarre Baionako irratia kudeatu zuen zortzi urtez. Radio Euskadi, DEIA eta Diario Vasco-ko kronikari izan zen, 1996 arte. Baina berri-emaile izateaz aparte, idazle ere bada. Historiari buruzko dozena bat liburu badu idatzirik.