Enaut Etxamendi eta Alexandre de la Cerda omenduko ditu aurten Sarako Idazleen Biltzarrak

Xan Harriague 2010eko martxoaren 31

Zenbait libururen aurkezpena ere eginen da Saran. TTIPI TTAPA

70 bat idazlek apirilaren 5eko biltzarrean egonen direla baieztatu dute

Aurten ere itzal handiko pertsonak omenduko ditu Bazko Asteleheneko Sarako Idazleen Biltzarrak. Haietariko bat Eñaut Etxamendi izanen da, eta bertzea, Alexandre de La Cerda. Etxamendi kantugintzan ezaguna da batez ere, baina literaturan ekarpen zabala egin du, hainbat artikulu, gogoeta, ipuin eta eleberri paperera ekarriz. De la Cerda ez da hain ezaguna, baina jadanik lan adierazgarria egin du Lapurdiri buruz, bertzeak bertze, “Entre Nive et Nivelle” liburua argitaratuz.

27.a da aurtengo Bazko astelehenean ateak irekiko dituen Idazleen Biltzarra. Goizeko hamarretatik aitzinera iaztik argitaratu diren ehunka berrikuntza ezagutzeko aukera emanen du. Usaia den bezala, haien idazleekin ere hitz egiteko aukera izanen du bisitariak. 70 bat idazlek konfirmatu dute jadanik Saran izanen direla apirilaren 5ean.

 

Liburu aurkezpenak

Urtero bezala, Euskal Herriari buruz lan bat egiten ari diren lagunei hamar beka banatuko dizkie Eusko Ikaskuntzak. Eta horren ondoan margo eta argazki erakustetaz gozatzeko aukera izanen da. Egun osoan bederatzi libururen aurkezpena eginen dira, bertzeak bertze, Auxtin Zamoraren “Sara etxez etxe“ liburuarena, Eneko Bidegainen “Gerla Handia, muga sakona” liburuarena eta Henri Duhauren “Lapurdiko ihauteria eta mutxikoen pizkundea” liburuarena.

Lapurdi 1609-2009 elkarteak ere, bilduma liburua aurkeztuko du Biltzarrean. Liburuak, gure historia oroitu nahian, 2009-2010 urteetan egindako ekitaldi kultural, historiko eta artistiko ezberdinak jasotzen ditu. Bertan bederatzi mintzaldi, erakusketa, bertso saioa, eskultura (Nestor Basterretxea), argazkiak eta ekainean plazaratuko den antzerkiaren berri ematen da. Liburuaren salmenra Elkar argitaletxearen eskutik eginen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun