Leitzaldeko pilotariek hiru txapel lortu zituzten Zizurko txapelketaren finaletan

TTIPI TTAPA 2010eko martxoaren 30a

Apezetxea eta Salaberria goizuetarrak txapel banarekin bueltatu dira Zizurko txapelketatik. TTIPI TTAPA

Aurrera eta Errekako pilotariek emaitza bikainak lortu dituzte aste hondarrean

Zizurko pilota txapelketakako finalak jokatu ziren larunbatean eta eskualdeko pilotariei dagokienez, klase guzietako emaitzak izan ziren.

2000 urtean jaiotakoen benjamin mailan, Goizuetako Umore Onako Antton Apezetxeak 16 eta 5 irabazi zion Oberenako Matari.

1999an jaiotako benjaminetan, Errekako Iker Salaberria goizuetarrak 16 eta 4 irabazi zion Ilunpeko Alberdi azpeitiarrari. Pilotari onenaren saria ere goizuetarrak jaso zuen.

1994an jaiotakoen kadete mailan, Aurrerako Anartz Olanok 18 eta 4 irabazi zion Zugarraldeko Agirreri.

1992an jaiotakoen jubenil mailan, Errekako Gaizka Bendoirok 13 eta 18 galdu zuen Urretabizkaiarekin.

Senior kategorian, Paz de Zigandako Rekaldek 18 eta 13 irabazi zion Txarutako Arraztoari.

 

GRAVN txapelketa

GRAVN txapelketaren barrenean, trinketeko jubenil mailako eskuz binakakoan, Errekako Gaizka Bendoirok eta Oberena Aritz Juanenea saldiastarrak bete zuten Nafarroako ordezkaritza eta 35 eta 13 irabazi zioten Errioxako bikoteari. Frontoi osoan, jubenil mailako buruz burukoan, Errekako Beñat Oronoz lesakarra izan zen Nafarroako ordezkari eta 22 eta 20 irabazi zion Victor Esteban errioxarrari, partida ikusgarri baten ondotik.

 

Aurrerako pilotariak bikain

Zizurren ez ezik, Antiguoko txapelketan ere emaitza bikaina lortu zuen Aurrerako Anartz Olanok, kadete mailan. Zizurren errepikatuko zen partida jokatu zuen bezperan, Zugarraldeko Agirreren kontra eta kantxa osoan ere irabazi egin zion, 22 eta 11.

Irurtzungo txapelketan, infantil mailan, 18 eta 3 irabaztea lortu zuten Aurrerako Ander Gartziarena eta Lenitz Galartzak.

Elgetako txapelketan, kadete mailan, 22 eta 4 irabaztea lortu zuen Aurrerako Xabi Jaunarenak eta Lizarrako txapelketan, infantil mailan, 18 eta 6 irabazi zuten Jon Lezeak eta Ander Eskuderok.

Esku pilotan mutilek ez ezik, paleta goman ere emaitza onak lortu zituzten Aurrerako neskek. Oiartzungo Euskal Herriko nesken pala txapelketan, Iera Agirrek eta Maider Otegik 25 eta 15 irabazi zieten Agirre eta Landaluzeri. Iruritako emakumeen paleta goma txapelketan, Iera Agirre eta Saioa Aristorenak 30 eta 8 irabazi zieten Amaia eta Anari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun