«Pilotari profesional batzuen aldetik errespetu falta nabaria da»

Gurutze PIKABEA 2010ko mar. 29a, 16:34

Abel Barriola eta Juan Martinez de Irujoren tartean ageri da Angel Salaberria goizuetarra, Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatutako partida batean. Utzitako argazkiak

EZTABAIDA BIZI-BIZI «Enpresatik kanpoko batzorde bat sortu nahi dute federazioek, edozein arazo baldin badago kontrolatzeko, baina enpresak ez dira aldekoak, ez baitzaie komeni pilotari on horiek geldirik egotea»

Herrian ez ezik, pilotazaleen artean ere aski ezaguna da Angel Salaberria goizuetarra, urteak –ez du gogoratzen zenbat– baitaramazki pilota partidetan epaile.
Beste askok bezala, afizionatuetan pilotari izan, eta uzteko garaia ailegatu zitzaionean erabaki zuen epaile izan nahi zuela. Eta halaxe egin zuen. Epaile gisa urteetan egin duen ibilbideaz eta azken aldian pilotari profesional batzuen jarreraren inguruan sortu den eztabaidari buruz mintzatu zaio TTIPI-TTAPAri.

Pilota mundua «betidanik» gustatu izan zaiolako hasi zen Angel Salaberria pilotako epaile lanetan. Afizionatuetan pilotari izandakoa da, eta pilota utzi zuenean, ez zuen hainbeste maite duen kirola alde batera utzi nahi izan. Horregatik erabaki zuen epaile izatea eta Nafarroako epaileen karneta atera zuen lehenbizi, eta gerora nazionala deiturikoa. Geroztik «urte mordoa» pasatu direla dio, eta zenbaitetan buruhausteak eragin arren, ez du utzi nahi.
Urteekin pilota mundua «asko» aldatu delakoan dago Salaberria, eta horrek epaile lana «zaildu» duela uste du: «pilotak oso biziak dira, abiadura haundia hartzen dutenak, eta ikusteko ere arazoak izaten ditugu batzuetan». Eta zenbait pilotari profesionalen jarrera ere ez omen da mesederako: «ez baita oso ona». «Elkarren artean, konpetentzia haundia dute, beti irabazi nahi dutelako, eta gainera, ez dute oso harreman ona...». Enpresa bereko pilotarien artean «pikea» omen dago, eta «zer esanik ez beste enpresakoekin».

Pilotarien jarrera eztabaidaren erdian
Azkenaldian  maiz solastu izan da pilotariak eta epaileak haserre dabiltzala, batzuen erabakien eta besteen jarreren ondorioz. Eta hala baieztatu digu goizuetarrak.
Pilota federazioen eta Enpresen Ligen artean ere bilerak egin dituzte pilotariek epaileekiko duten jarreraren inguruan. «Enpresatik kanpoko batzorde bat sortu nahi dute federazioek, edozein arazo baldin badago kontrolatzeko, baina enpresak ez dira aldekoak, ez baitzaie komeni pilotari on horiek geldirik egotea». Eta hortxe dabiltza negoziaziatzen. Edonola ere, Salaberriak argi du «pilotari profesional batzuen aldetik errespetu falta nabaria dela». «Gu ere pertsonak gara eta hanka sartzen dugu, eta egingo dugu, baina errespetua nahi dugu» dio.
Publikoari ere gauza bera eskatu dio, eta bereziki Labritekoari: «Eibarko Astelenan, adibidez, lasaiago egoten da publikoa, baina Labritera gazte asko joaten dira, berotu egiten dira eta oihuka eta txistuka hasten dira, gauzak botatzen. Zer ikusten ari garen...».
Pilotari guztiak, ordea, ez dira «odol-beroak». Eta Salaberriari askotan joan omen zaizkio pilotariak barkamena eske: «partidak irabazi nahi dituzte eta jokatzen ari direla beroaldiak izaten dituzte. Berotu direla esanez, pilotari onak etorri izan zaizkit barkamena eske; ez denak, ordea».

Telebista ‘txibatoa’
Epailearen tokitik eta telebistan partidak «diferente» ikusten direla ere aitortu digu goizuetarrak. «Guri ona iruditu eta agian txarra ikusiko da telebistan, eta alderantziz. Alde horretatik, telebistak «beti txibato lana» egiten duela gaineratu digu. Hori bai, argitu digunez, «dudako kasuetan ez dugu eskurik altxatzen». «Askotan sartzen dugu hanka – dio– momentuan erabaki behar izaten baitugu». Halakoetan, etxera «kezka eta penarekin» bueltatzen dela aipatu digu.
Baina urteek eskarmentua eman diote Salaberriari, eta halako gorabeherekin «halabeharrez ohitu» egin dela adierazi digu. Eta badu segitzeko asmoa. Ez dugu goizuetarren bat finalean denean epaile ikusiko, «herritarrekin ez didatelako uzten», baina bai maila haundiko beste edozein partidaren batean. Segi dezala bada urte askotan horrela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun