335 herritarrek euskal lurralde elkargo baten alde bozkatu dute

Xan Harriague 2010ko mar. 29a, 16:21

EAJ garaile eskualdeko lehen itzuliko bozetan

Eskualdeko bozak zirela baliatuz, Batera plataformak Ipar Euskal Herrirako euskal lurralde elkargo bat sortzeari buruzko herri galdeketa antolatu zuen plazan. 363 saratarrek parte hartu zuten, eta %92,3 alde agertu zen, %5,8 kontra, eta %1,9k zuri bozkatu zuen. Elkargo horrek ezagutza instituzionala emanen lieke Lapurdi, Behe Nafarroa eta Xiberoari, eta orain arte Pauen edo Bordelen hartzen diren erabaki anitz Baionan hartuko lirateke, elkargo horren gaitasunen arabera eskumen anitz gurera hurbilduko liratekeelako.
Horren aldekoek emaitza onak eskuratu dituzte. Baina parte-hartzea eskasa izan da (%19,3). Eskualdeko hauteskundeen parte-hartzea ere eskasa izan da %50era ez baita arribatu. Baina pena da jende horrek ez duela parte hartu Bateraren galdeketan, ados izan ala ez, ez baita ariketa demokratikoagorik iritzia ematea baino.

Eskualdeko bozak
EAJ izan da boto ofizial gehien bildu dituen alderdia (145). EHbai koalizioak protesta bozka edo baliogabea galdetu bazuen ere gibelean gelditu da (140). Bozka abertzalea erraz nagusitu da oraingoan ere lehen itzulian. Hirugarren alderdi bozkatuena UMP izan da (119) eta laugarrena MoDem 111rekin. Alderdi sozialistak 95 bozka baizik ez ditu izan. Parte-hartzea oso apala izan da saratarren %41,6k baizik ez baitute bozkatu.
Bigarren itzulian parte-hartzea are eskasagoa izan da. Herritarren %39,9k baizik ez du bozkatu UMP, MoDem eta PSFren arteko bigarren itzuli horretan. MoDem izan da nagusi (237), alderdi sozialistak 228 eskuratu ditu eta UMPk 182.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun