Herritarren idazlan berriak agertuko dira Sarako Biltzarrean

Franck DOLOSOR 2010eko martxoaren 29a

Aguxtina Lassèguek eleberri bat euskararatu du

Ohiturari jarraikiz, apirilaren 5ean, Sarako Idazleen Biltzarra ospatuko da eta auzoko herrirat ganen dira zonbait senpertar liburuak ikusteko, erosteko eta irakurtzeko. Bertze herritar batzuek idazlanak presentatuko dituzte Sarako kiroldegian. Aguxtina Lassèguek Holandarra eta Sarako sorginak eleberriaren euskarazko itzulpena agertuko du, duela bortz urte Marie Michèle Beaufils arbonarrak izkiriatu zuen Le Hollandais et les sorcières de Sare nobelaren itzulpena, hain xuxen. Bi emazteek loturak dituzte bien familiak Suhuskunekoak baitira, Baxe Nafarroan. Berriki elgar ezagutu dute eta ohartu dira herri berekoak izateaz gain, familiakoak ere badirela. Aguxtina biziki ezaguna da Senperen eskola emailea izan baita luzaz Arretxea kolegioan. 1965an hasi zen lanean haurrekin eta 1994an hartu zuen ongi merezia duen erretreta. Orain, denbora libreaz baliatzen da margoak tindatzeko eta izkiriatzeko, bertzeak bertze. Duela urte batzuk, Konpostela Bernadette Uhart lankidearen liburua itzuli zuen euskararat. Orain, liburu berria plazaratuko du, urteetan matematikak irakatsi dituen andereak. Aguxtinak bertze hitzordu bat ere finkatua du irakurleekin maiatzaren 8an Leku-Ona liburu eta egunkari saltegian, elizako plazan.

Lapurdi 1609-2009
Ustezko sorginen kontrako auziak duela 400 urte egin zirela oroitarazteko lan eta lan ari da Lapurdi 1609 elkartea eta orain liburu bat ateratzekotan da. Hau ere Sarako biltzarrean plazaratuko da. Azken hilabeteetan herriz-herri eman diren 10 mintzaldien laburpenak, argazkiak, Baionako antzokian otsailean egin zen bertsu saioko bertsu onenak, Nestor Basterretxearen burdin zizel lanaren estrena eguneko oroigarriak eta Iguzki Lore antzerkia bildu dira, bertzeak bertze.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun