Udan Saharako haurrak hartzeko aukera Baztan, Bortziriak, Malerreka eta Leitzan

TTIPI TTAPA 2010ko mar. 29a, 15:01
Joan den urtean Baztan, Bortziriak eta Malerreka inguruan uda pasatu zuten Saharako neska-mutikoak, etxean hartu zituzten familiekin. Utzitako argazkiak

Baztan-Bidasoaldean apirilaren 25ean akituko da epea eta Leitzan karrape irratira deitu behar da

Uda honetan ere Saharako haurrak etxean hartzeko aukera izanen da Baztan, Bortziriak, Malerreka eta Leitzan.
Baztan-Bidasoaldean, Saharaztan erakundea da horren arduraduna eta dagoeneko Oporrak bakean izeneko kanpaina aurkeztu du, eta horrekin, Saharako haurrak etxean hartzeko deialdia egin du. Eta hala egin nahi dutenek apirilaren 25era bitarteko epea izanen dute izena emateko.
Baztanen interesatuak daudenek 948 452372 telefonora deituta eman beharko dute izena; Malerrekakoek 948 451787 telefonora deitu beharko dute eta Bortzirietakoek, berriz, 627 019826 telefonora.
Jakina denez, Euskal Herri osoko herrietara hainbat eta hainbat haur saharar etortzen dira hemengo familiekin uda pasatzera. Baztan, Bortziriak eta Malerrekari dagokienean, 15 urte inguru pasatu dira Saharaztan taldeak Saharatik haurrak ekartzeko ekimena martxan paratu zuela. Ekainean etorri eta abuztuan hartu ohi dute etxerako bidea.
Leitzan ere bai
Leitzan ere urteak dira familiak Saharako neska-mutikoak udan hartzen hasi zirela. Aurten ere zabaldua da deialdia eta bat edo bertze interesatua agertu da. Halere, oraindik badago aukera eta bakarren batek haurra etxean hartu nahi izanez gero, Karrape irratira jo beharko du (948 610914).
Hasiera batean, familiak bi hilabetez edukiko luke etxean haurra, baina bi famila elkartuz gero, hilabete bana pasako luke neska edo mutikoak etxe bakoitzean.
Haurra ekartzeak ez dio gasturik sortzen familiei eta gainera, Leitzako igerilekurako sarrera doan izanen lukete haur sahararrek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun