Martxoaren 13an Etxalarko hotelean aizkora eta korrikako apustu mistoa egiteko aurkariaren zain egon zen Ander Erasun aurtiztarra. Aurtengo denboraldian apustu bat egiteko bigarren ahalegina izan du. Aurrekoan desafioa Aizpururi luzatu zion, baina Nuarbekoak ez zion erantzun, eta apusturik gabe gelditu zen.
Oraingoan, aldiz, hartu du erantzuna. Bat ez, lau interesatu agertu baitziren: Xabier Zaldua, Xabier Orbegozo Arria V.a, Jon Rekondo (Leitza) eta Julen Kañamares. Baina hitzordura ailegatzen lehenbizikoa Zaldua izan zen eta bera izanen da Anderren aurka lehiatuko dena. Kirolari bakoitzak 10 kanaerdiko moztu beharko ditu –egurrak erdibana eramanen dituzte–, eta ondotik 10 kilometro egin lasterka. 3.000 euro paratuko ditu alde bakoitzak jokoan eta maiatzaren 9an jokatuko dute desafioa. Tokia guztiz zehaztua ez badago ere, Tolosan edo Azpeitian izanen da.
Aizkoran elkarren kontra lehen ere ibiliak dira Erasun eta Zaldua. Euskal Herriko Txapelketako kanporaketan izan zen eta orduan aurtiztarra nagusitu zen. Baina Erasunen hurbilekoek erran digutenez, gipuzkoarra lasterka «hagitz ongi» aritzen da, eta baliteke hori Zalduaren aldeko «abantaila» izatea.