Joxemari Mendizabal aizkolaria igandean hil zen Tolosan, Joxemari Olasagastiren aurkako apustua galdu eta etxera zihoala. Hainbat urtez Leitzan eta gaur egun Urdiainen bizi zen 63 urteko adunarra ondoezik sentitu zen, eta berarekin zihoazenek ezin izan zuten deus egin bere onera ekartzeko.
Mendizabal eta Olasagastiren arteko aizkora apustua izan zen Tolosako zezen-plazan igande goizean, 500 ikusleren aitzinean. Bakoitzak zutik paratutako kanako launa enbor moztu behar izan zituen. Adunarrak lau minutuko abantaila zuen. Hasieratik ikusi zen ez zuela bere egunik onena. Lehen kanakoa mozterako, abantaila galduta zuen, baina berak lanean jarraitu zuen hirugarren enborra akautu bitarte. Enbor hori bukatzea asko kostatu zitzaion, eta apustua bertan behera uztea erabaki zuen, arnasari buelta eman ezinda. Bere laguntzaileekin batera, Aierberekin eta Arria II.arekin, aldageletara joan zen, eta Olasagastik bere lanak bukatu bezain abudo plazaratu zen hari bostekoa eman eta zoriontzera. Bertan zeuden sendagileek ez zioten aparteko arazorik antzeman, eta bazirudien urduritasunak sortutako zerbait zela. Berak, hobeto zegoela erran omen zuen eta bazkaltzera abiatu ziren, apustuak bukatutakoan egin ohi den moduan. Autoan sartu etxekoekin, eta Tolosako irteeran berriro gaizki sentitu, eta oraingoan ezin izan zion bueltarik eman, eta hantxe gelditu zen.
Joxemari Olasagastik, nahiz eta goizean apustua irabazi, kolpe latza jaso zuen, inork ez baitzuen uste gertatu zena gertatuko zenik. “Hau ikaragarria da, sekulako kolpea jaso dut. Esan didatenean ez nuen sinesten. Etorri naiz tanatoriora, baina ez nuen etorri nahi, nik ez nuen Joxemari honela ikusi nahi. Hau beti gogoan eramango dudan zerbait da” adierazi zuen.
Harritik aizkorara
Herri-kirolaren munduak eman duen kirolaririk handienetakoa izan da Mendizabal. Harriak jasotzen hasi zen, marka handiak eginez. Bera izan zen, gainera, 16 arroako harria plazan jaso zuen lehenengoa. Gero, harriekin istripu bat izan zuen Lekeition, eta aizkorara pasatu zen ondoren. Bere lehen apustua harri-jasotzen egin zuen, Gorostidiren aurka jokatuta, eta harriekin mordo bat jokatu zituen, baita tartean Iñaki Perurenaren aurka ere.
Nafarroako hiru txapel irabazi bazituen ere, apustuak gogoko izan zituen.
Aizkorako lehen apustua Aierberen aurka jokatu zuen, eta orduan ere enbor handiekin izan zen, eta enbor handiak beti izan ditu gogoko. Bere garaian berehala heldu zen aizkolaririk onenetakoa izatera, eta lehia bikainak izan zituen Mindegiarekin eta Arria anaiekin, nahiz eta marka saiakerak ere beti izan dituen gogoko. Hala ere, gogoan beti izango dugun apustua da Miel Mindegiaren aurka 1983ko urtarrilaren 23an jokatutakoa. Egun horretan 52 kana-erdiko eta sei kanako erdibitu zituzten, orain arte inoiz egin den apusturik handiena izan zen, eta Mendizabalek irabazi zuen. Lau ordu, 12 minutu eta 9 segundo behar izan zituen lanak amaitzeko, eta lau ordu, 29 minutu eta 30 segundo behar izan zituen Mindegiak.
Bere azkeneko bi apustuak, berriz, Olasagastiren aurka jokatu ditu. Azkenaurrekoa orain dela 21 urte. Igandean azkena jokatu zuen.