Zugarramurdi eta Logroñoren arteko topaketa egin zuten larunbatean Zugarramurdin

TTIPI TTAPA 2010ko mar. 30a, 10:00
Logroñoko eta Zugarramurdiko alkateek hitzarmena sinatu zuten eta Jesus Agerrek zapela paratu zion Tomas Santos-i. Bi sorginek antzerpena egin zuten lezean. TTIPI TTAPA

Ekitaldian, Logroñoko Fede Autoren 400. urteurrena gogoratu eta duela aste batzuk egindako bisita bueltatu zuten errioxarrek

Zugarramurdi eta Logroñoren arteko senidetze ekitaldiek segida izan dute larunbat honetan Zugarramurdin. Tomás Santos Logroñoko alkateak laburbildu zuen bezala, “duela 400 urte hil zituzten zugarramurdiar haiei ezin diegu bizitza bueltatu, baina bai beraiei eta beraien familiei kendutako duintasuna eta izen ona bueltatu”.  1610ean Logroñon izandako Fede Autoaren ondorioz, sorgintzat jo zituzten dozena bat zugarramurdiar suan edo torturen ondorioz hil ziren.

Sorginen Museoan, Logroñoko XXI. Ipuingintza lehiaketarrako lankidetzaren sinadura egin zuten Logroñoko alkateak eta Jesus Agerre, Zugarramurdikoak, inkisidorearen mahaia irudikatzen zuen mahaian.

“Zugarramurdiko Sorginak” liburuaren egile den Koro Irazoki herritarrak aipatu zuenez, Logroñoko aferak eragin handia izan zuen Zugarramurdiko historian eta betirako markatua utzi zuen. Beraz, larunbateko ekitaldia, “zauria historikoa ixteko” baliagarria izan zen eta orduan hildakoen izenak gogoratu zituzten.

Sorginen Etxearen bi aldeetan plaka bana jarri zen, euskaraz eta gazteleraz, zera zioena: 1610-2010 Logroño eta Zugarramurdik bere topaketa ospatzen dute bakean eta demokrazian, Zugarramurdiko sorginen kontrako Inkisizioaren Fede Autoaren 400. Urteurrenean”. Jesus Agerre Zugarramurdiko alkateak txapela ere oparitu zion Tomas Santos Logroñokoari.

Ondotik, Estitxu Mentaberri eta Maite Mindegia aktoreek, Ipotx panpinaren laguntzatz akelarrea irudikatu zuten lezeetan eta Logroñoko musika bandak kontzertua eskaini zuen, Ruperto Chapíren “Las Brujas” zarzuelaren zati batzuk joz. Azketan egindako bazkariarekin itxi zen topaketa, baina 400. Urteurreneko ospakizunak urte osoan eginen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun