Bildu izan da aurtengoan Nafarroako Bertsozale Elkarteak Nafarroako 39. Txapelketarako hautatutako leloa eta martxoaren 20ko finalean gauza ugari bildu zituen bertsolaritzak. Hasteko, 1.200 ikusle bildu ziren Lesakako pilotalekuan. Izan ere, Elizondoko Lur dantzalekua ttiki geldituta, lekuz aldatu da aurten, baina Internetez nahiz saltoki guzietako sarrerak astebete lehenago agortuak zirela kontuan hartuz, bertze lekuren baten bila ere hasi beharko da.
24 puntuko aldea
Urteetan bertso eskoletan egindako lanaren uzta bildu zuena Julio Soto izan zen. Hiru urtez eskolartekoan txapeldun izan zen ttikitan, Silveirarekin buruz buruko gogoangarri baten ondotik azpitxapeldun izan zen iaz Gorritikoa, eta Euskal Herriko txapelketako finalerdietan ere sartu zuen burua. Aurten ez dio Nafarroako txapelari aldegiten utzi eta berekin bildu du, saio dotorea egin ondotik. Ez zen desenpatearen beharrik izan: 20 puntu edo guttiagoren aldea dagoenean jokatzen da buruz burukoa, eta Arkaitz Goikoetxeari 24 puntuko aldea atera zion. Lekunberrin bizi den oiartzuarrarentzat Nafarroako lehen txapelketa zen, nahiz eta Gipuzkoa eta Euskal Herrikoetan esperientzia izan.
Podiumeko hirugarren koxka Estitxu Arozenarentzat izan zen. Hiru urte txapelketatik kanpo egon ondotik ederki aritu zen lesakarra, finaleko emakume bakarra. Doi-doi, puntu erdiagatik sailkapenean aurre hartu zion Oskar Estangari Xabier Legarretak. Aranokoak saio erregularra egin zuen, akatsik gabea eta arrazoiez ongi hornitua. Seguruenik jarraitzaile gehien bildu zuena, eta dudarik gabe, animorik gehien bildu zuena Eneko Lazkoz izan zen. Lehen finala zen Etxarrikoarentzat eta maila eman zuen hasieratik bukaeraraino. Sailkapena ixten, Xabier Terreros lesakarra eta, karrerilla hartuta etorria zen Julen Zelaieta beratarra izan ziren.
Txapela euskal baserritarrarentzat
Julio Sotok euskal baserritarrei eskaini zien bere lehenbiziko txapela, euskara eta bertsolaritzari eutsi diotelako: maite nautenen baimenarekin/ nire txapela berari/ garapenaren aroan sarri/ mespretxatu izan denari/ euskal kultura benetan zer den/ erakutsi didanari/ bertsolaritza eguneroko/ jaki izan duenari/ euskal baserritarrari.