Zizurko txapelketako finalean eskualdeko hainbat pilotari ariko dira

TTIPI TTAPA 2010eko martxoaren 26a

Aurrera, Umore Ona, Erreka eta Txarutako ordezkaritza izanen da

Zizurko txapelketako finalak jokatuko dira, larunbatean 09:00etan hasita eta eskualdeko hainbat pilotari izanen dira. 1995ean jaiotako kadete mailan, Aurrerako Anartz Olano Zugarraldeko Agirreren kontra ariko da. Ez da Leitzaldeko ordezkari bakarra izanen. 2000 urtean jaiotakoen benjamin mailan, Goizuetako Umore Onako Apezetxea, Oberenako Mataren kontra ariko da eta 1999an jaiotakoen kimu mailan, Erreka taldean ari den Salaberria Azpeitiko Ilunpeko Alberdiren kontra.

1992an jaiotakoen gazte mailan Errekako Bendoiro Ikaztegietako Urretabizkaiaren kontra ariko da eta seniorretan, Txarutako Arraztoa, Paz de Zigandako Rekalderen kontra.

 

Aurrerakoen asteburua

Leitzako Aurrera elkarteko pilota taldea Berria txapelketatik kanpo gelditu da finalerietan galdu ondotik, baina pilotariek lanean segituko dute asteburu honetan ere.

Anartz Olano aresoarrak lan bikoitza izanen du. Arestian aipatu dugunez, Zizurko txapelketako finala jokatuko du larunbat goizean, baina martxoaren 26an, ostiralean 19:00etan Antiguoko txapelketako partida jokatuko du Zugarraldeko Agirreren kontra, kadete mailan.

Irurtzungo txapelketan, infantil mailan, Aurrerako Ander Gartziarenak eta Lenitz Galartzak partida izanen dute larunbat goizeko 10:30ean.

Elgetako txapelketan, kadete mailan, Aurrerako Xabi Jaunarena ariko da larunbatean 16:00etan.

Lizarrako txapelketan, infantil mailan, Jon Lezea eta Ander Eskudero ariko dira igande goizean.

Mutilak eskuz ez ezik, Aurrerako neskak palaz ere ariko dira asteburuan. Zehazki, Iruritako txapelketan, Iera Agirre eta Saioa Aristorena, Amaia eta Anaren kontra ariko dira larunbat arratsaldean.

 

Nafarroako Kirol Jolasetan Errekako bikotea txapeldun

Errekako bi bikotek, Nafarroako Herri Kirol Jolasen finalak jokatu zituzten joan den larunbatean.  Gazitik eta gozotik probatuta bueltatu ziren Malerreka aldera. Bigarren mailako benjaminetan, Asier Arozena eta Unai Ibarrak 8 eta 18 galdu zuten Zugarraldeko bikotearen kontra. Gozoa hirugarren mailako infantiletan izan zen, Julen Saldias eta Javier Saldias txapeldun suertatu baitziren, Beti Onak taldeko Oruat eta Villanuevari 18 eta 11 irabazi ondotik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun