Etxauriko Harri baldarrari aurre eginen diote hiru harrijasotzailek igande eguerdian

TTIPI TTAPA 2010eko martxoaren 26a

Unai Bertiz zazpi jasoaldi eman zizkion iaz Etxauriko harriari. TTIPI TTAPA

Tartean izanen da Unai Bertiz sunbildarra

Etxauriko Harriari aurre eginen diote martxoaren 28an, igandean 12:30ean, hiru harrijasotzailek: Zestoako Joseba Ostolazak, Errezilgo Aimar Irigoienek eta Sunbillako Unai Bertizek. Bi gipuzkoarrek dute errekorra, bortz minutuko txandan hamahiruna altxaldi eman baitiote 136 kilo terdiko aintzinako harri baldarrari. Ostolazak 2006an egin zuen marka eta Irigoienek iaz, erretxinarik erabili gabe gainera. Izan ere, joan den urtetik ez da libre erretxina erabiltzea eta aurten ere, harria jaso baino lehen, harrijasotzaileek eskuak garbitu beharko dituzte herriko plazan, eta ezin izanen da inolako substantziarik erabili lagungarri gisa.

Etxauriko Harriaren altxaketa Alberto Lakosta zenaren omenez egiten da. 2000 urtean hil zen Etxauriko aizkolaria.

Azken hiru urtetan Nafarroako txapeldun izan den Unai Bertizek zazpi jasoaldi eman zizkion iaz harriari eta marka hori hobetzeko asmoarekin joanen da Etxaurira. Irabaztea zail izanen du, Aimar Irigoien baita gaur egun harri ttiki nahiz handietan Euskal Herriko txapelduna eta une honetako harri jasotzailerik onena dela erran daiteke.

Lehendabiziko saria harriaren pisua ardo botiletan izanen da (136 botila), Andosillako Bagordi ardotegiak emana. Aurten harriak konponketa batzuk egin dira, izan ere, iaz harrijasotzaile bati lurrera erori zitzaion harria eta arraildura ttiki bat egin zitzaion. Konpontzeko itsasgarri berezi bat erabili da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun