Zugarramurdi – Logroño Topaketa eginen da larunbatean, Fede Autoaren 400. urteurrena gogoratuz

TTIPI TTAPA 2010ko mar. 25a, 13:13
«Ilargi betea, Sorginen Larrea» bisita antzeztua eginen da lezean. TTIPI TTAPA

Hainbat ekitaldiren artean, Sorginen Lezean bisita antzeztua eginen da

Duela aste batzuk Logroñora bisitatu egin zuten Zugarramurdiko udaleko eta herriko ordezkariek. Larunbat honetan, errioxarrek bixita bueltatuko dute Zugarramurdira, Zugarramurdi-Logroño Topaketa eginen baita, Fede Autoaren 400. urteurrena gogoratuz.

11:00etan Zugarramurdi-Logroño Topaketaren ekitaldi instituzionala eginen da Zugarramurdiko Sorginen Museoan. Hitzaldien txanda “Zugarramurdiko Sorginak” liburuaren egile den Koro Irazoki herritarrak irekiko du; gero, Logroñoko alkate Tomás Santosek hartuko du hitza eta segidan Jesus Agerre Zugarramurdiko alkateak. Logroñoko XXI. Ipuingintza lehiaketarrako lankidetzaren sinadura ere eginen da. Eguerdian, Sorginen Museoko aitzinaldean oroigarriak agertaraziko dira. 12:15ean Sorginen Lezean bisita antzeztua eginen da, “Ilargi betea, Sorginen Larrea” izenburupean. Bisita magiko eta harrigarri honetan, bisitariek akelarre batean parte hartuko dute. Sorgin jakintsua eta haren biloba, erritu honetan ikaraturik hasten dena, lezeraino doan bidea zeharkatuko dute geldiune batzuk eginen dituztelarik: bidean konjuruak botako dituzte, pertsonai mitologikoen kondairak kontatuko dituzte, txalapartaren soinua adituko da, edabe magiko bat  dastatuko ahal da, suaren edertasunaz gozatuko ahal da…  eta ahantzi gabe, umorea nagusi izanen dela.

13:15ean Logroñoko udal bandak Ruperto Chapíren “Las brujas” zarzuelaren zati batzuk joko ditu Sorginen Lezean eta ekitaldiak akitzeko, aperitiboa eskainiko da Azketa jatetxean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun