Nafarroako Gobernuak 278. 832,68 euroko dirulaguntza emanen dio Bertizko Partzuergo Turistikoari, Eurovelo proiektuaren baitan, Baiona eta Iruña lotuko dituen zatiaren barne, Doneztebe eta Endarlatsa arteko bidea txirrindulari eta oinezkoendako egokitzeko. Martxoaren 22ko batzarrean hartutako akordioarekin onartu zuen dirulaguntza ematea Nafarroako Gobernuak.
Mugaz gaindiko proiektu honen bultzatzaileak Bertizko Partzuergoa eta Bidasoa Activa dira hegoaldean eta Pirinio Atlantikoko Kontseilu Orokorrak iparraldean. Endarlatsa-Doneztebe zatiari dagokionez, 873.003 euroko aurrekontua izanen du, 796.664 euro inbertsio gastuetarako eta 76.338 bertze ekimenetarako. Inbertsio gastuetatik %65a, 517.832 euro FEDERen funtsatik ordainduko da eta %35, 278.832 euro, Nafarroako Gobernuak. Seinaleak, promozioa, webgunea edo komunikazio arloak hartzen dituzten bertze ekimenetara bideratuko diren 76.336 euroetatik %35 Bertizko Partzuergoak ordainduko du eta %65 FEDERen funtsatik.
400.000 txirrindulazale ordezkatzen ditu Eurovelok
Eurovelo direlakoak, Europa osoa zeharkatu duten hamabi bide luze dira, hiri nagusietatik eta inguru turistikoetatik igaroko direnak. Eurovelo Europako Txirrindulazaleen Federazioak (ECF) bultzatutalo proiektua da eta erakunde honetan, Europa osoko 52 elkarte biltzen dira, 400.000 txirrindulazale baino gehiago ordezkatuz.