Almandozko pilotalekuan jokatu zen Nafarroako Herri Kirol Jolasetako laugarren jardunaldia eta honenbertzez, erabakia gelditu da heldu den igandean, martxoaren 28an, goizeko 11:00etatik aitzinera Arbizun jokatuko diren finaletako partaidetza.
Kimu mailako proba konbinatuan Igantziko bi taldeak, Unanu eta Abelu, finaletik kanpo gelditu dira eta, aldiz, Arbizun izanen dira Basaburua, Berriozar, Andra Mari eta Putterri.
Haur mailako proba konbinatuan, hasierako faseko erregulartasuna mantendu zuten lehen lau taldeek eta honela, Ultzama, Berriozar, Basaburua eta Andra Mari izanen dira finalean.
Kadete mailako proba konbinatuan liga sisteman ari dira. Almandozko saioan Andra Mari nagusitu zen, Txantrea, Basaburua eta Putterriren aitzinean. Honela, sailkapen orokorrean Andra Marik 14 puntu ditu, hamekana Basaburua eta Txantreak eta bi puntu Putterrik. Beraz, Etxarri Aranazko taldeak esku eskura dauka txapela.
Haur mailako sokatira txapelketan, A multzoan Andra Marik 3 puntu eskuratu zituen, Basaburuak 2 eta Txantrea Bk 1, baina baztandarrek ez zuten finalerako txartelik lortu. Andra Mari, Txantrea B, Putterri eta Berriozar izanen dira final horretan.
Kadete mailako sokatiran Andra Marik jokatutako lau jardunaldiak irabazi ditu eta 16 punturekin, segurtatua du dagoeneko txapela. Basaburua eta Txantrea hamarna punturekin berdinduak daude, Almandozen baztandarrak nagusitu baizitzaizkien Iruñaldekoei eta beraz, azpitxapeldun izateko lehia izanen da beraien artean. Putterrik 3 puntu bertzerik ez ditu.