Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatuko du euskalgintzak maiatzaren 15ean deitutako manifestazioak

TTIPI TTAPA 2010eko martxoaren 23a

Hainbat euskaltzalek eta erakundek bat egin dute maiatzaren 15eko manifestazio deialdiarekin. TTIPI TTAPA

Gizartearen babesa eskatu dute Kontseiluko kideek Nafarroako Gobernuak Euskara baztertzen duela salatzeko

Nafarroan euskarak bizi duen egoerarekin «kezkatuta» eta Nafarroako Gobernuak euskararekiko duen «mespretxua» salatzeko, manifestazioa antolatu du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak maiatzaren 15ean, Iruñean,Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidea. Oskar Zapata, Nafarroako Topaguneko kideak dei zabala egin zuen Iruñeko Baluarten astelehen arratsaldean, Kontseiluaren izenean: «Nafarroan euskaraz bizi nahi duen orok aukera izan dezala, besterik ez dugu eskatzen». Ehun euskaltzalek baino gehiagok bat egin dute deialdiarekin eta Nafarroan euskalgintzan lanean aritzen diren hamaika lagun bildu ziren. Erakundeei dagokienez, Kontseiluak antolatutako manifestazioari 45 bat taldek azaldu diote dagoeneko atxikimendua, bertzeak bertze Xorroxin irratia, Ttipi Ttapa edo IKAk. Azken hogei urteetan, Nafarroan, herritarren ahaleginei esker euskal hiztunek goiti egin dutela nabarmendu zuen Zapatak, baina Nafarroako Gobernuaren euskararen aurkako joera kritikatu egin zuen.

Euskarak Nafarroako aniztasuna aberasten duela dio Kontseiluak eta horregatik, Nafarroak euskal hiztunak behar dituela aldarrikatu du: «Nafarroan euskaraz bizitzea ezinezkoa da, eta bigarren mailako herritarrak bagina bezala tratatzen gaituzte». Nafarroako gizartearen gehiengoak ez duela ez hizkuntza bazterketarik ezta euskararen aurkako erasorik ere nahi azpimarratu zuen.

 

Maiatzaren 15ean, hainbat eskubide aldarrikatuko dira

Heldu den maiatzaren 15ean Iruñeko karriketan egingo den manifestazioan honako eskubideak aldarrikatuko dituzte: herritarrek euskaraz ikasteko duten eskubidea, salerosketak, publizitatea eta etiketak euskaraz jasotzeko eskubidea, administrazioarekin euskaraz egiteko eskubidea, euskarazko kultur sormenaz gozatzeko eskubidea, telebistaz, prentsaz, tokiko hedabideen bidez, irratiz zein Internetez informazioa euskaraz jasotzeko eskubidea. «Gertatzen ari diren eraso larrien aurrean ez dugu geldirik egoteko asmorik», nabarmendu zuen atzo Zapatak eta Nafarroan euskarak duen egoeraren arduradun nagusitzat boterean dauden ordezkari politikoak jo zituen. «Ez dago gauza tristeagorik bere herritarren kontra ari den Gobernu bat baino».

Manifestazioarekin gauzak bertze modu batera egin daitezkeela frogatu nahi dute deitzaileek. Izan ere, Kontseiluko bazkideen irudiko, gaur egun Nafarroako Gobernuak indarrean duen hizkuntza-politika ez da aski: «Ez du euskara normalizatuko ez baititu nafarren hizkuntza eskubideak bermatzen». Manifestaziorako deia azken hilabeteetan Kontseiluko bazkideek egindako hausnarketen fruitua da. Joan den abenduan, erraterako, Nafarroako Gobernua 2010eko Aurrekontu Nagusiak onartzekotan zela, aurrekontu horiek euskara «ahultzen» zutela salatu zuten. 

Horrez gain, UPNren gobernuak euskaldunen eskubideak «sistematikoki» urratzen dituela ere salatu dute sarritan. Egoera hauen inguruan, hagutz kezkatuta daudela aitortu dute maiz Kontseilua eratzen duten erakundeetako ordezkariek. Ezinegon horren guztiaren emaitza da deitutako manifestazioa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun