Ekitaldiz betetako asteburua luzea izan zen Sunbillan, ortziraletik igandera. Antzakaitz Kultur Taldea, Guraso Elkartea eta Antrotokiko gazteak ibili ziren antolaketa lanetan eta hiru egunez, haur, gazte nahiz helduek gozatzeko aukera paregabea izan dute Asteburu Kulturalean.
Koxkor biltzaileak nagusitu ziren apustuan
Ortziralean, herriko haur eta gaztetxoek dantza saioa eskaini zuten frontoian. Ondotik, ikusmin handia piztu zuen gazteen arteko herri kirol apustu ikusgarria jokatu zen. Unai Bertiz harri-jasotzailea, Sunbillako bertze lau gazteren kontra lehiatuko zen Luis eta Javier Ibarra anaiak eta Andoni eta Imanol Apeztegia lehengusuak.
Bertizek egin beharreko lana hauxe izane zen: 100 altxaldi eman 100 kiloko harriari. Eta bertze lau gazteek, berriz, 100 koxkor bildu behar zituzten. Lau gazteek ezin izan zuten bakoitzaren 25 koxkorrak bildu arte lagunari erreleboa pasatu. Lehia estua izan zuten, baina azkenean juxtu-juxtuan koxkor biltzaileek harrijasotzaileak baino lehenago akitu zuten bere lana. Bertizek bizpahiru altxaldi bertzerik falta ez zituenean.
Arratsaldean haurrendako jokoak izan ziren Leurtza aisialdi taldearen eskutik eta berendua ere izan zuten ttikienek.
Ajoarriero lehiaketan A ttope
Larunbat goizean ajoarriero txapelketa egin zen eta sei taldek parte hartu zuten. Horien artean, A ttope taldea nagusitu zen, Ines Obregozo, Loli Oharriz eta Loli Gandarak osatutako epaimahaiaren erabakiaren arabera. Ondotik bazkaria izan zen Ulibeltzak Elkartean. Bazkalondoren, bizi-poteoa izan zen, goizean prestatutako ajoarrieroa afaldu, kontzertuak aditu eta ondotik gaupasa izan zen Laiotz taldearekin.
14 gazta lehiaketara
Igande goizean III. artisau feria eta Sunbillako gazta lehiaketa egin ziren. Hamalau gazta aurkeztu ziren hirugarren edizio honetara eta horien artean, Migeleneako Josefina Jorajuriak aurkeztutakoak eraman zuen lehen saria. Bigarren saria, Primenekobordara joan zen eta hirugarrena Josporroara. Saritutako gazta erdiak enkantean atera ziren eta Elgorriagako bainuetxerako zirkuitu baten eta bi lagunendako afariaren zozketa ere egin zen, baita ardo-lotearena ere.
Asteburu Kulturala bukatzeko, azokan parte hartu zutenek bazkaria egin zuten Ulibeltzak Elkartean.