Bildu izan da aurtengoan Nafarroako Bertsozale Elkarteak Nafarroako 39. txapelketa nagusirako hautatutako leloa eta atzoko Lesakako finalean gauza ugari bildu zituen bertsolaritzak. Hasteko 1.200 ikusle bildu ziren udal pilotalekuan. Izan ere, Elizondoko Lur dantzalekua ttiki geldituta, lekuz aldatu da aurten, baina Internet-ez nahiz saltoki guzietako sarrerak astebete lehenago agortuak zirela kontuan hartuz, bertze lekuren baten bila ere hasi beharko da. Urtetan bertso eskoletan egindako lanaren uzta bildu zuena Julio Soto izan zen. Hiru urtez eskolartekoan txapeldun izan zen ttikitan, Silveirarekin buruz buruko gogoangarri baten ondotik azpitxapeldun izan zen iaz Gorritikoa, eta Euskal Herriko txapelketako finalerdietan ere sartu zuen burua. Aurten ez dio Nafarroako txapelari aldegiten uzten eta berekin bildu du, saio dotorean bildutako 555,5 puntuei esker. Ez zen desenpatearen beharrik izan: 20 puntu edo guttiagoren aldea dagoenean jokatzen da buruz burukoa, baina Arkaitz Goikoetxeari 24 puntuko abantaila atera zion. Lekunberrin bizi den oiartzuarrarentzat (Gipuzkoako muga herritik ere hainbat jarraitzaile bildu ziren Lesakara) lehen partehartzea zen Nafarroakoan, nahiz eta Gipuzkoa eta Euskal Herriko txapelketetan esperientzia izan. Bere bertsokera dotorea plazaratu zuen eta ederra izan zen txapeldunarekin seiko motzean egindako saioa. Aita-seme etorkinak ziren eta Goikoetxea aitak sorterrira itzultzeko asmoa bazuen ere, Sotok ez zuen horrelakorik nahi. Bikain aritu ziren biak.
Podiumeko hirugarren koxka Estitxu Arozenarentzat izan zen. Hiru urte txapelketatik kanpo egon ondotik ongi aritu zen lesakarra, finaleko emakume bakarra. Beharbada kartzeleko gaian bota zituen bertsorik ederrenak. Zalantzak izan dituzun arren, erabaki bat hartu duzu jada. Amak ez onartzeak sortzen dizu kezka gehien izan zen zortzi bertsolariek hiruna bertso kantatzeko gaia. Finalisten erdiak homosexuala zirela adierazi zioten amari. Estitxuk, ordea, bere senarretik bereiztera zihoala onartu behar zion eta bertso politak utzi zituen. Goikoetxeak bere haurra ez zuela bataiatuko aipatu behar zion bere ama fededunari. Saio osoan bezala, kartzeleko gaian orijinalena Oskar Estanga izan zen. Berak bildu zuen txalo zaparradarik handiena. Brasilera perkusioa eta dantza ikastera zihoanaren paperean hiru bertso txukun eta irrigarri osatu zituen, Euskal Herria tropikalaren aldeko aldarriarekin bukatzeko. Doi-doi, puntu erdirengatik sailkapenean aurre hartu zion Gaintzakoari Xabier Legarretak. Aranokoak saio erregularra egin zuen, akatsik gabea eta arrazoiez ongi hornitua, Arozenarekin seiko motzean egindakoa bezala. Legarreta itsua zen eta bere zakurra bulegoaren atarian uzteko agindu zion Arozena Gizarte Segurantzako zaindariak. Hori bere begiak kanpoan uztea eskatzea zela bukatu zuen lehen bertsoa. Seguruenik jarraitzaile gehien bildu zuena, eta dudarik gabe, animorik gehien bildu zuena Eneko Lazkoz izan zen. Lehen finala zen Etxarrikoarentzat eta maila eman zuen hasieratik bukaeraraino. Sailkapena ixten, Xabier Terreros lesakarra eta, karrerilla hartuta etorria zen Julen Zelaieta beratarra izan ziren.
Sailkapena
1. Julio Soto: 555,5 puntu
2. Arkaitz Goikoetxea: 531,5 puntu
3. Estitxu Arozena: 517 puntu
4. Xabier Legarreta: 496,5 puntu
5. Oskar Estanga: 496 puntu
6. Eneko Lazkoz: 488,5 puntu
7. Xabier Terreros: 481 puntu
8. Julen Zelaieta: 581 puntu
Txapela Tantirumairu ikastolako Kontxi Errok paratu zuen
Manolo Arozena eta Iñaki Murua, Nafarroako eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko presidenteek eman zituzten sari gehienak, baina txapela Kontxi Erro, Tantirumairu ikastolako irakasleak paratu zion Sotori, bertsolari ugari eman duen Bortzirietako bertso eskolaren ernamuina ikastola izan baitzen.
Julio Sotok baserritarrei eskaini zien txapela, euskara eta bertsolaritzari eutsi diotelako:
Maite nautenen baimenarekin
nire txapela berari
garapenaren aroan sarri
mespretxatu izan denari
euskal kultura benetan zer den
erakutsi didanari
bertsolaritza eguneroko
jaki izan duenari
euskal baserritarrari.