Putreak haratustelez elikatzen dira

Utzitako argazkiak 2010ko mar. 17a, 15:47

Ttipi-Ttapako kolaboratzaile boluntario bezala, Xabier Silveira ber­tsolariak Garan «Euskara al da Putre egiten gaituela?» izenburupean idatzitako panfletoari erantzun beharra daukat. Aipatu panfleto ho­rrek –ez du bestelako kalifikatzailerik merezi– sorpresa haundia eragin dit, bai moduagatik eta bai edukiagatik ere.
Ttipi-Ttapako nire lagunak esplotatzaileak edo gainerakoen kontu­ra bapo bizi diren edo UPN edo PSEren beso­e­tara ezkondutako jendea dela kontsidera­tzea, iritzi –horrela dei­tzen ahal bazaio– guztiz bidegabea eta faltsua da. Oso ondo ezagu­tzen dut euren lana, askotan eskuzabaltasunez egina eta zailtasunez betea. Airegatik, bankuko maileguengatik edo euren familiagatik biziko ote dira?
Eurei esker, 6.000 har­pidedunei, eta Nafa­rroako Kutxaren zuk aukeratu, zuk erabaki programaren 1.000 kolaboratzaileei, eta boluntario «manipulatu», ezjakin eta konturatu gabe dirua irabazteko erabilitakoei esker, eskualde honetako herritar askok euskaraz irakurtzen dute, inguruan gertatzen denaz konturatzen dira eta eskertuak daude. Ondo legoke herri hauetan barna buelta bat emango bazenu eta eurekin hitz egin. Nafarroan, euskal kulturak bi etsai ditu: bat, adminis­trazioa, krisiaren aitzakiarekin eta euskararen erabilera arma politiko gisa erabiliz, laguntzak murriztu dituena. Silveira jauna, eskubide osoa dugu dirulaguntzak eskatzeko, guk ematen dugun diruaren zati bat baita, eta ez da inondik inora, lotsatzekoa, gal­tzak jaistekoa edo ezkontzea, laguntza exijitzea, eta ez da mer­kantilismoa helburu ho­rretarako publizitatea erabiltzea. Ez al dute egiten bertsolari jaialdietako antolatzaileek? Ez da sarrerarik ordaintzen? Edo bertsolariek dohainik hartzen dute parte? Ez izan zikoi­tza Silveira jauna. Joan zaitez, afari, dantzaleku, eskola, kartzeletara… dohainik eta euskaraz bizitzera anima itza­zu, kultura esplotazioaren kontra eginez.
Ezkuturago dagoen beste etsaien multzoa, talibanena da, puruak, birjintasunezkoak, ahoberoak, oso oso aurrerakoiak, Savonarola be­rri laikoak, sutan, norbere burua herriaren ordezkari bakar eta esklu­sibo izendatuz samintasunez kritikatzen dutenak, eta eurek bezala pentsatzen ez dutenei gutxietxi, zanpatu eta geziak botatzen dizkietenak, han goian mundu miragarriko urrez­ko burbuilaren ba­rrenean euren besaulkietan dauden jaunak. Ze polita e!
Lasai zaitez. Boluntarioa naizen aldetik ez naiz nire lagunek erabilia sentitzen, (ez naute erabiltzen) eta jakitun, pozik eta nire gogoz kolaboratzen dut Ttipi-Ttapan. Nire bizitzan –67 urte ditut– jende amargatu, ezkor eta insolida­rioen egoera, iritzi, eraso eta beste ergelkeriak ezagutu ditut, gure harri-koskorra ekarriz, gehien maite duguna –gure hizkuntza eta gure aberria– ez hiltzeko kolaboratu dezakegula uste dugunoi zigortu nahi izan dietenak.
Zure geziak beste norantza batean zuzen itzazu, badakizu nora, eta esaten duzun bezala, «nik badut nire eran­tzuna». Hustu zaitez eurekin, deskantsatu eta utzi bakean etxekoak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun