172.704 euroko aurrekontua izanen du aurten Nafarroako Herri Kirol Federazioak

Aitor AROTZENA 2010eko martxoaren 17a

Esther Iriarte narbartearrak Nafarroako eta Euskal Herriko markak hobetu zituen iaz txingak eramaten. Argazkian, Xanta Souza lesakarraren ondoan ageri da Goizuetan, errekorra egin zuenean. TTIPI TTAPA

Herri kirola orokortasunean aztertzeko liuburua argitaratuko du

Nafarroako Herri Kirol Federazioak joan den larunbatean egin zuen urteko batzar orokorra. Alde batetik, 2009 urteko kirol balantzea eta balantze ekonomikoa aurkeztu eta onartu ziren eta, bertze aldetik, 2010 urterako plangintza eta aurrekontua.

 

5 marka berri iaz

Joan den urtean, Nafarroako Herri Kirol Federazioan federatutako 451 kirolari aritu ziren lehian, helduetan 254 lizentzia eta Nafarroako Herri Kirol Jolasetan, berriz, 197. Federazioak antolatutako ekitaldi eta txapelketen xehetasunak eta emaitzak jakitera eman ziren. Aipatzekoa da Nafarroako bortz errekor berri ezarri zirela 2009an: Josetxo Barberena eta Iñaki Barberena anaiek arpanan (etzanda jarritako kanaerdikoari 14 epai eta zutik jarritako kanaerdikoari lau epai 7 minutu eta 2 segunduan); Joakin Aioroa iturendarrak ingude altxatzen (18 kiloko ingudeari 94 altxaldi minutu terdian); Unai Bertiz sunbildarrak harrijasotzen (100 kiloko zilindroari 34 altxaldi bi minututan); Maika Ariztegi iturendarrak koxkor biltzen (7:23) eta Esther Iriarte narbartearrak 25na kiloko txingak eramaten (42 plaza). Bi emakumeen kasuan, Nafarroako errekorra ez ezik, Euskal Herriko marka berria ere lortu dute.

 

Txapelketak eta liburua

Iazkoak aztertu ondotik, 2010. urteko plangintzaren aurkezpena ere egin zen. Aurtengo gastu eta sarreren aurrekontua 172.704,36 eurokoa izanen da. Federazioaren egitasmoen artean, urtero antolatzen diren Nafarroako txapelketa, torneo eta sariak antolatzeaz gain, aurten dagozkion Euskal Herriko txapelketak antolatzea dago, goma eta lur gaineko sokatira jardunaldiak, bigarren mailako aizkora txapelketa eta harrijasotze txapelketak, hain zuzen.

2004. urtetik 2009ra modalitate desberdinei buruzko liburuxkak argitaratu ondotik, aurten Herri Kirola orokortasunean aztertuko duen liburuxka argitaratzeko asmoa ere badu Nafarroako Herri Kirol Federazooak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun