Larretxea aita-semeak nagusi Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketan

Amaia eta Ainhoa 2010eko martxoaren 16a

Larretxea aita-semeak zutikako enborrarekin lanean. Utzitako argazkiak

Sei probatik bortz irabazi dituzte larretxeatarrek

Donato Larretxea Arantzako aizkolariak Urrez­ko Aizkolarien Binakako Txapelketan, bere bosgarren txapela irabazi du, baina guztietan bereziena beharbada hazken hau izanen da: Oihan 19 urteko semea­rekin irabazi baitu. Otsai­laren 27an jokatu zen Azpeitian txapelketareko hamargarren edizio honetako finala, eta larre­txeatarrek Igeldoko (Gipuzkoa) Jose Etxebeste eta Joxemari Olasagasti izan zituzten kontrario.  
Lan txukuna egin zuten aita-semeek, eta hortaz, nahiko abudo erabaki zen txapela. Halere, lehenbiziko proba gipuzkoarrentzat izan zen.  45 ontzako enborra zeinek kolpe guttiagotan moztu. Horixe egin behar izan zuten hasteko, eta 43 kolpetan moztu zuten gipuzkoarrek, eta 45etan Larretxeatarrek.
Bigarren lanean zutikako oinbikoa moztu behar izan zuten, eta aita-semeek 3 minutu eta 52 segundotan bota zuten enborra, eta igeldoa­rrek 4 minutu eta 40 segundotan.
Hirugarrenean, 45 on­tzako bi enbor ebaki behar izan zituzten, bakoi­tzak bana. Honetan, minutu eta 25 segundo behar izan zituzten nafa­rrek, eta 17 segundo gehiago gipuzkoarrek.
Laugarren saioan –45 ontzako bat zutik eta bertzea etzanda moztu–, 2 minutu eta 2 segundotan bukatu zituzten lanak larretxeatarrek eta 18 segundo beranduago Igeldoko semeek.
Bosgarren lanean –80 ontzako enborra erdibitu–, 4 minutu eta 2 segundo behar izan zituzten Donatok eta Oihanek eta 23 segundo gehiago gipuzkoarrek.
Seigarren eta azken proban, 45 ontzako bi enbor, bi kanaerdiko, 60 ontzako bi eta bi oinbiko erdibitu zituzten, eta honetan ere nagusitu ziren nafarrak: 18 minutuz egin zituzten lanak; gipuzkaorrek, berriz, 18 minutu eta 55 segundotan.
Guztira, beraz, 30 minutu eta 6 segundo behar izan zituzten aita-semeek, eta 32 minutu eta 45 segundo Etxe­bestek eta Olasagastik.
Txapela soinean, gustura gelditu ziren larretxeatarrak: «aita batentzat hau ikaragarria da. Ez dut uste inoiz aita batek semearekin maila honetako txapel bat lortu duenek», erran zuen Donatok. Semea ere kontent, noski: «aitarekin txapela lortzea ikaragarria da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun