Enaut Etxamendi eta Alexandre de la Cerda omenduko ditu aurtengo Idazleen Biltzarrak

Xan Harriague 2010ko mar. 16a, 12:24
Joan den urteko biltzarreko irudi bat. Utzitako argazkiak

70 bat idazlek biltzarrean egonen direla baieztatu dute

Aurten ere itzal handiko pertsonak omenduko ditu Sarako Idazleen Biltzarrak. Haietariko bat Eñaut Etxamendi izanen da, eta bestea, Alexandre de La Cerda. Etxa­mendi kantugin­tzan ezaguna da batez ere, baina literaturan ekarpen zabala egin du, hain­bat artikulu, gogoeta, ipuin eta eleberri paperera eka­rriz. De la Cerda ez da hain ezaguna, baina jadanik lan adierazgarria egin du Lapurdiri buruz, besteak bes­te, Entre Nive et Nive­lle liburua argitaratuz.
27.a da aurtengo Bazko astelehenean ateak irekiko dituen Idazleen Biltzarra. Goizeko hamarretatik aitzinera iaztik argitaratu diren ehunka berrikuntza ezagutzeko aukera emanen du. Usaia den bezala, haien idaz­leekin ere hitz egiteko aukera izanen du bisitariak. 70 bat idazlek konfirmatu dute jadanik gure herrian izanen direla apirilaren 5ean.
Urtero bezala, Euskal Herriari buruz lan bat egiten ari diren lagunei hamar beka banatuko dizkie Eusko Ikaskun­tzak. Eta horren ondoan margo eta argazki erakustetaz gozatzeko aukera izanen da. Egun osoan bederatzi libururen aurkezpena eginen dira, besteak beste, Auxtin Zamoraren Sara etxez etxe liburuarena, Eneko Bidegainen Gerla Handia, muga sakona liburuarena eta Henri Duhauren Lapurdiko ihauteria eta mutxikoen pizkundea liburuarena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun