Justizia ez dela denentzat berdina diote Falange y Tradición taldeak mehatxatutakoek

TTIPI TTAPA 2010eko martxoaren 16a

Josu Iratzoki Berako alkatea izan zen astelehenean Iruñeko agerraldian. TTIPI TTAPA

Talde horren iturburu ideologikoa “Espainiako gobernuaren neurri errepresiboetan” dagoela uste dute

Falange y Tradicion taldearen ekintzak eta mehatxuak jaso dituzten pertsonen ordezkaritza prentsauarrean agertu zen astelehenean Iruñean, tartean Josu Iratzoki Berako alkatea.

Eraso faxista hauek Euskal Herriak bizi duen egoera politikoaren baitan kokatu zuten: “PSOE edo PP-ren gobernuek neurri errepresiboak jarri dituzte martxan Euskal Herria eta euskal herritarren aurka. Honi gainera gehitu behar zaio ezker abertzalea isolatzeko, beldurtzeko, mezpresatzeko jendartean zabaldu duten mezu ideologiko-politikoa.

Hau da Falange y Tradicion bezalako taldeek duten iturburu ideologikoa. Hau da pairatu ditugun erasoen estalki ideologikoa” zioten.

 

Justizia eta legearen aplikazioa denentzat berdina ez dela ere uste dute: “Uda honetan Audientzia Nazionaletik tabernariak, gazteak edota Peñetako ordezkariak pasatzen ikusi ditugun bitartean presoen argazkiak jartzeagatik, epaitegi horrek berak ez du terrorismo zantzurik ikusten talde faxista batek armak eta lehergailuak lortu nahi izana, helburuen zerrenda bat izatea, heriotz mehatxuak egitea edota txikizioak egitea. Bitartean tribunal honetan bertan 33 urteko kartzela zigorrak eskatzen zaizkie euskal gazteei kutxazain bat apurtzeagatik. Honek frogatzen du, oraindik eta argiago, Audientzia Nazionala epaitegi berezia dela, euskal ezkertiar eta abertzaleak zigortzea helburu duena”.

 

Horregatik “benetako justizia” aldarrikatzen dute, “Euskal Herri osoari dagokion benetako justizia”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun