Aurten, justu-justuan egin dira inoteak; beharrik bizpahiru gazte mugitu diren! Haurrek eginak zituzten berenak, baina urteroko puska biltzea ia-ia egin gabe gelditu da. Gainera, denek haserre akitu dute: antolatzen aritu direnek, bakar-bakarrik aritu direlako; beste batzuek, gazte gutxi bildu direlako puska biltzera; beste batzuek, ordua paratu eta berandu hasi direlako; beste batzuek, garizuman egin direlako... Denek ere gauza bera esaten akitu dute, ez doazela berriz ere inoteetan parte hartzera. Ez etsia hartu!
Nolanahi den, ortziralarekin hasi ziren inoteak. Hamabost bat gaztek afaria egin zuten, eta, afalondoan, mus txapelketa. Kantari ere aritu ziren, eta goizeko laurak arte luzatu zen gaua.
Larunbatarekin, puskak biltzera joan ziren baserrietara goizean; franko berandu joan ere, agertu ez zirenen esperoan egon zelako jendea; izan ere, musikariak ia-ia gehiago ziren gazteak baino, eta lotsa zen auto batean abiatzea Urrutiñara. Hondarrean, hiru-lau auto ibili ziren etxalde batetik bestera. Soinu txikia jotzen, berriz, Aurtizko bi neska gazte: Oihana eta Bidane. Horiek inor baino lehenago agertu eta enpeinu handia paratu zuten; ezusteko polita eman zuten.
Urtero bezala eta hutsik egin gabe, Otxantrengo bordan hasi ziren buelta egiten. Ondotik, Mantxengo bordara eta Intxurera; handik Lotzabiango Kantinara; atarian hiru laguneko zortzikoa egin, eta Loprenera salda jatera. Eta Loprenetik herrira. Herriko buelta akitu, eta orduan isildu ziren aurtiztarrak. Tabernean zen afaria gero, eta horrera ere berandu samar joan ziren gazteak, han baitziren denak mahaian jarrita esperoan. Afalondoan, Joxe Anjel aritu zen organo jotzen, eta, afariko ardoak lagunduta, dantzan eta kantuan joan zen gaua.
Aurten ere egin ditugu inoteak, eta egitea hutsa ez da gutxi Saldiasko herri ttikiarentzat.