Sasoiko daude gazteak, eta apustu gosez gainerakoak. Ikusi bestela, martxoaren 7ko apustuak izandako erantzuna. Ikusmin haundia eragin zuen egun horretan Loitzateko atakara lasterka joateko herriko lau gaztek egindako apustuak. Palazioko Mikel eta Errandoneko Ibaik, Tomaseneko Igor eta Ikazpeko Patxiren kontra egin zuten apustua, eta guztiek ere fisikoki sasoian daudela erakutsi arren Tomasenekoa nabarmendu zen: 51 minutu eta 39 segundo behar izan zituen zubitik Loitzateko atakara joateko. Bigarren Mikel helmugaratu zen, 55 minutu eta 40 segundoko denbora egin ondotik; Patxi izan zen hirugarrena –56 minutu eta 50 segundo– eta Ibai laugarrena – ordu bat eta 5 minutu–.
Desafioa bikoteka zenez, denborak batuta ere Igor eta Patxi, zaharrenak, izan ziren nagusi. Eguraldiak ere lagundu zuen, eta jende asko bildu zen apustua ikustera, herritik zein kanpotik.
Lagunarteko afaria zuten antza jokoan, baina hortaz aparte, saltsa polita sortu zuten, tartean apustuak Herriko Ostatuan. Gustura utzi dituzte herritarrak, eta lerro hauen bidez, zorionak Igorri, eta eskerrik asko denei.