Azken hamar urteotan egin diren Euskarazko Udalekuak kanpainari segida eman nahi diete Arantzako Aterpea eta Beintza-Labaiengo Orbela aterpeek. Nafarroako Gobernuak ez du aurten udaleku hauetarako dirulaguntzarik aurreikusi, eta hortaz, bi aterpeok ahalegin berezia egin dute prezioa ahal den guttien igotzeko. Ekimena martxoaren 5ean aurkeztu zuten antolakuntza bidelagun izan duten Bertizko Turismo Partzuergoak eta bi aterpeotako arduradunek.
Neska-mutiko aunitz mugitzen dituen ekimena da udalekuena. Horren seinale, joan den urtean Nafarroa osoko ia mila ikaslek parte hartu zuten. Orduan, Administrazioaren laguntzarekin, prezioa 120 eurokoa izan zen. Aurten, berriz, subentziorik ez dagoenez, 180 eurotan finkatu dute prezioa. A eta D ereduko Lehen Hezkuntzako 8 eta 12 urte arteko eta DBHko 13 eta 16 urte artekoei bideratua dago kanpaina eta sei eguneko (5 gau) egonaldiak egiteko izanen litzateke. Ekainaren 21etik abuztuaren 28ra iraunen luke eta 900 lagunentzako plazak daude.
Gobernuaren dirulaguntza zuzenik egon ez arren, proiektuaren arduradunak Hezkuntza Sailarekin harremanetan daude, «10 urtez iraun eta Nafarroako gizartean sustraitu den proiektu honek zeharkako dirulaguntza izan dezan».
Informazio gehiago: www.consorciobertiz.orgweb orrian, 948 59 23 23 telefonoan edo udalekuak@consorciobertiz.org-en.