Endarlatsa eta Doneztebe artean txirrindulariendako bidea egokitzen aurten hasiko dira eta 2012rako akitua egotea espero da. Honelaxe jakinarazi zuen martxoaren 2an Bertizko Partzuergoko Izaskun Goñik, Nafarroako Gobernuak eta Partzuergoak eskualderako plan eragilea sinatu zutenean. Hain zuzen, horixe izanen da inguruan turismoa bultzatzeko eginen diren ekimenen artean lehenbizikoa, Endarlatsa eta Doneztebe arteko bidea egokitzea, Euroveloren baitan, Baiona eta Iruña lotuko dituen bidearen barne.
Mugaz gaindiko proiektu honen bultzatzaileak Bertizko Partzuergoa eta Bidasoa Activa dira Hegoaldean eta Pirinio Atlantikoko Kontseilu Orokorra Iparraldean.
Endarlatsa-Doneztebe zatiak 873.003 euroko aurrekontua izanen du: 796.664 euro inbertsio gastuetarako eta 76.338 bertze ekimenetarako. Inbertsio gastuetatik %65, 517.832 euro, FEDERen funtsatik ordainduko da eta %35, 278.832 euro, Nafarroako Gobernuak. Seinaleak, promozioa, webgunea edo komunikazio arloak hartzen dituzten bertze ekimenetara bideratuko diren 76.336 euroetatik %35 Bertizko Partzuergoak ordainduko ditu eta %65 FEDERen funtsatik.
Ekitaldian, bertzalde, Martin Garde Partzuergoko presidenteak etorkizuneko asmoa Doneztebetik Elizondora bidea egokitzea izanen litzatekeela adierazi zuen. Carlos Erce Turismo zuzendariak, berriz, Euroveloren trazatuak Doneztebetik Saldias aldera jotzen duela argitu zuen, eta hortik Irurtzunera, Plazaola bidearekin bat egiteko, Iruña bitarte.
Juan Ramon Corpas Turismo eta Kultura kontseilariak, bere aldetik, eskualdeak turismo eskaintza zabala duela eta, alde horretatik lana egin behar dela azpimarratu zuen, ingurua turismoaren jomuga izan dadin Nafarroaren barrenean.