Haitiko lurrikaran kaltetutakoen aldeko pilota partidak

Jaione OTXANDORENA 2010ko mar. 16a, 11:24

Utzitako argazkiak

Otsailaren 26an, arratseko ordu haietan kalean hotz haundia bazegoen ere, frontoi barruan giro ezinhobea nagusitu zen, Haitiko lurrikaran kaltetutakoen alde egindako pilota jaialdian. Lehen partida gazteek jokatu zuten: Iker Espe­losin eta David Albiasu, Andoni Espelosin eta Enaitz Ansoren aurka, eta lehen bikoteak 18-14 irabazi zuen. Partida polita eta lehiatua izan zen, eta laurek hagitz maila ona erakutsi zuten. Bigarren partidak, berriz, ikusmin haundia sortu zuen. Capellan eta Goñi II.a –atzelari–  Lasa III.a eta Kokaren aurka aritu ziren. Goñi eta Capellanek bikote izugarria egiten dutela erakutsi zuten. Lehenaren ezkerkada bikainak eta bertzearen esku nahiz hanketako abileziak txalo ugari sorrarazi zituen harmailetan. Baina parean zuten bikoteak ez zieten edonola irabazten utzi.­ Aipatzekoa da, markagailuan 21-20 zela, partida 25 tantora luzatzea erabaki zutela. Azkenean, 25-22 Goñi eta Capellanen alde. Baina kasu honetan ez zen emaitza garrantzitsuena, kaltetuen alde dirua biltzea baizik. 3.334 euro bildu ziren eta Garfe enpresak 2.500 euro hartu zituen, lehendik adostu bezala, eta gaine­rakoa, 834 euro, Gurutze Gorriaren bidez Haitira bidaliko dira. Antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkiete partidak ikustera hurbildu ziren guztiei, eta batez ere, Doneztebeko Menditxuri enpresari, emandako dirulaguntza haundiagatik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun