Kezkatuta daude Nafarroako ezker abertzaleko alkateak, Nafarroak euskarak duen «zapalkuntzagatik». Horien irudiko, Nafarroan euskarak bizi duen egoera «larria, kezkagarria eta estua da». Udaletako euskara zerbitzuek duten egoeraz oere hartarazi dute. Xabier Zabalo Leitzako alkatearen ustez, udaletako euskara zerbitzuen egitekoa «kolokan» egon liteke hemendik gutxira, «Gobernuaren etengabeko diru laguntza murrizketak direla eta». Azken urteetan, Nafarroako Gobernuak euskara zerbitzuetara bideratzen zuen diru laguntza murriztuz joan da. Orain urte batzuk, 700.000 euro inguru jasotzen zituzten euskara zerbitzuek, ondoren 500.000 eurora murriztu zen laguntza. Aurten, ordea, Gobernuak 250.000 euro baino guttiago bideratuko dituela ohartarazi du Zabalok. «Udaletako euskara zerbitzuen zailtasun eta muga ekonomikoek, ezinbestean, haien jardunari eta lanari kalte egiten diete». Argitu duenez, udalek gero eta karga ekonomiko handiagoa dute beren gain. Borondatea badagoen arren, zerbitzu hori ez dela bideragarria aitortu dute hautetsiek. Leitzako alkateaz gain, Josu Iratzoki Berako alkatea, Patziku Irisarri Etxalarko alkatea eta Ainara Maia Arantzako alkateaeta bertze batzuk izan ziren martxoaren 11n Iruñean egindako agerraldian.
Euskararen Legea murriztailea
Era berean, gogor kritikatu du Zabalok 1986. urtetik indarrean den Euskararen Legea. «Nafarrek euskaraz bizitzeko eta ikasteko dugun eskubidea zehaztu eta mugatu egiten du», dio Leitzako alkateak. Arrazoi horregatik Nafarroako euskal hiztunak «benetan» babestuko dituen hizkuntza politika aldarrikatu du. Izan ere, Euskararen Legeak euskarari «trabak» besterik ez dizkiola jartzen ohartarazi du. Josu Iratzoki Berako alkatearen iduriz, egungo hizkuntza politikak euskararen trasmisiorako eta garapenerako «ez ditu nahikoa bitarteko», eta gainera jendartearen nahien kontra egiten du. Argudio hori ardatz hartuta, Zabalok euskara «benetan» sustatuko duen hizkuntza politika berri baten beharra aldarrikatu du. Euskararen Legearen ondorio zuzenak hezkuntza sisteman antzematen dira ezker abertzaleko kideen iritziz. Ildo horretan, eremu ez euskaldunetako eskola publikoetan ezin dela D ereduan ikasi salatu dute, «gurasoak haurrak ikastoletan matrikulatzera behartuz». «Gaur egun belaunaldi berriek ikastoletara jotzen dute, jakinda 12 urtetik aitzinera eredu aldaketaren edo bizileku aldaketaren artean erabaki beharko dutela», adierazi du Zabalok. Eremu mistoan, ordea, euskarazko irakaskuntza herrigune nagusietara mugatzen dela gaineratu du. Baina eremu euskaldunean egoera ez dela askoz ere hobea uste du Iratzokik, «ez dagoelako bermatuta irakaskuntza ibilbide osoa edozein adarretan euskaraz egiteko aukera».
UEMAra biltzeko gonbitea
Alkate hauen irudiko, oztopoak oztopo, egin dute bide propioa: «UEMA bitarteko egokia da gure herrietan eta eskualdeetan euskaraz bizitzeko eta euskara gure lan eta zerbitzu hizkuntza izan dadin». Gaur egun, Nafarroako hamabi herri dira UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide: Araitz, Arantza, Arbizu, Areso, Basaburua, Bera, Etxalar, Etxarri Aranatz, Goizueta, Larraun, Leitza eta Urdiain. Zabalok jakinarazi zuenez, badaude beste herri aunitz baldintzak bete arren (bizilagunen %70a euskalduna izatea) UEMAn ez daudenak, Arano, Baztan, Bertizarana, Donamaria, Elgorriaga, Eratsun, Ezkurra, Igantzi, Ituren, Lesaka, Sunbilla, Oitz, Zugarramurdi edota Urdazubi, bertzeak bertze. Hala, herri horietako alkateei UEMAko kide izateko gonbita egin diete.