Zortzi bertsolari ariko dira Nafarroako txapelaren bila larunbat honetan Lesakan

TTIPI TTAPA 2010eko martxoaren 18a

Finalean lehiatuko den zortzikotea. TTIPI TTAPA

Tartean izanen dira, Legarreta, Arozena, Terreros eta Zelaieta

Finalerdi guztiak bukatuta, larunbat honetan, martxoak 20, jokatuko da Nafarroako Ber­tsolari Txapelketaren 39. edizioaren final haundia. Orain arteko saioetan lortutako puntuazioaren arabera, zortzi bertsolari hauek ariko dira Lesakako udal pilotalekuan: Julio Soto (Gorriti), Arkaitz Goikoe­txea (Lekunberri), Xabier Lega­rreta (Arano), Estitxu Arozena (Lesaka), Oskar Estanga (Gaintza), Xabier Te­rreros (Lesaka), Eneko Lazkoz (Etxa­rri-Aranatz) eta Julen Zelaieta (Bera).
Nobedade dezente izanen ditu, beraz, aurtengo finalak. Alde batetik, Arkaitz Goikoetxeak eta Eneko Lazkozek lehenbiziko aldiz hartuko dutelako parte finalean, eta bertzetik, joan den urteko finaletik hiruk baino ez dutelako errepikatuko: Julio Sotok, Xabier Legarretak eta Julen Zelaietak. Eskualdeko bertsolariak zortzitik lau dira. 

Horrez gain, zortzikoa osatzen dutenen artean bik badakite zer den Nafarroako txapela janztea, Estitxu Arozenak eta Julen Zelaietak.


Finalerako sarrera guztiak saldu dira
Aitzineko urtean finala zuzenean ikusi ezinik jendea gelditu zelako eginen da aurten Lesakako frontoian finala, toki gehiago dagoelako. 17:00etan hasiko da finala.

Argi dago ikusmin handia sortu duela aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketak. Hala gertatu da urtarrilaren 23tik egin diren saio guztietan, eta gauza bera gertatu da datorren larunbatean Lesakan jokatuko den finalarekin.

Bai internetez baita Nafarroako hainbat saltokitan salgai zeuden sarrera guztiak atzo amaitu ziren, hortaz ez da finalerako sarrerarik gelditzen jada.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun