Eskualdeko 200 bat umek haur eskoletan pasatzen dituzte gurasoen lanorduak

TTIPI TTAPA 2010eko martxoaren 15a

Bertze aunitzek atautxi-amatxiengana jotzen dute

 

Familia egitura aldatu egin da. Gero eta gehiago dira etxetik kanpo lan egiten duten aitak eta amak. Baina horrekin, haurrekin zer egin erabaki­tzeko buruhausteak ere izaten dira maiz. Batzuek, sakelak ahalbidetzen badu eta aukera baldin badute, haur es­ko­letara eramaten dituzte umeak, baina bertzeek atautxi-amatxiengana jotzen dute laguntza eske.

Denetariko kasuak daude eskualdean. Ume batzuk haur eskoletan egoten dira gurasoak lanean daudenean, eta atautxi-amatxirekin egoten denik ere bada. Baina azken urteotan uga­ritu egin dira 3 urte artekoen egoitzak: Elizon­do, Leitza, Bera eta Do­nez­te­­ben, adibidez, 196 ume daude haur eskoletan. Horiek dira haundienak, baina badira gehiago ere.


Guztietan haundiena Baztangoa da. 20 urtetik goitiko ibilbidea du haur eskolak Baztanen, baina joan den urtean eraikin berrian hasi zuten ikasturtea. Italiako Loris Malaguzziren ereduan oinarrituz eraiki dute, eta arreta haundiz egokitu dituzte instalazioak. «Esko­la hurbila, ttikia eta transparentea» izateari garran­tzia ematen diotela nabar­mendu digu Kristina Goñi zuzendariak, baita «fa­mi­liari» ere. Gaineratu digunez, «espazioak ga­rran­tzia haundia du, hezi­tzaile bat gehiago da».


Berako Mukixu Haur eskolan «izugarrizko ilusioarekin» ari direla aipatu digu Anabel Arburua ar­duradunak: «kalitatea eskaini nahizik, haur bakoitza den bezala onartuz, errespetatuz eta bere nortasuna eraikitzeko behar dituen baliabideak eskainiz». Halere, lana behar bezala egiteko traba «aunitz» dituztela aitortu digu: «haur ge­hie­gi hezitzaile bakoitzeko».


Doneztebeko Askin Haur Eskolan ere «kalitateko zerbitzua» eskain­tzen saia­tzen direla adierazi digu Diana Bruño zuzendariak. Eta jantokiko zerbitzua «azpimarratu» digu: «hemen egiten da janari guztia, guk erosia eta guk prestatua da, eta horrela kalitatea aunitzez haundiagoa da».


Leitzako Haur Eskolan ikasturte hau «berezi xamarra» dela erran digu Maxux Sukuntza ordezkariak. Azken bost urteotan hiru gela izan dituz­te eta denak beteak. Aurten, baina, matrikula gu­ttia­go izanik bi gelekin moldatzen dira. «Azken urteetan jangela ere izan dugu, baina aurten ez, eskaera gu­txi­­­tu de­lako». 1-3 urte arteko haurrak hartzen dituzte, baina Sukuntzak azaldu digunez, «0-1 adin-tartekoei ere zabaldu nahi zaie».


Desberdin funtziona­tzen dute Saran, eskolan dabiltzan haurrei es­kain­tzen baitiete zerbi­tzua. Maider Olasso­ ardu­radunak kontatu digunez, «Haurtzaindegian haurrak eskolara sartu baino lehen eta atera ondotik atxikitzen ditugu». Horrez gain, umeen opor eta gurasoen lan egunetan Haur Bilgunea zabaltzen dute goiz eta arratsaldez.


URDAZUBIKO MIKELI AZKARRAGA BILOBEN UMEZAIN                                                                

«Bere lana ematen du, baina gustura nago»

Zure alabak eta euren bikotekideak lanean ari al dira?
Bai, hala da. Baina ongi moldatzen gara. 13 urteko bertze alaba bat ere badut eta bera eskolatik etortzen denean, berak ere laguntzen dit.
Zenbat denboraz edukitzen dituzu?
Asteartetik ortziralera 09:00etatik 19:00etara. 11 eta 18 hilabe­te dituzte eta aste batean bat, eta ber­tzean bertzea atxiki­tzen dut, aldian batto.
Gustura egoten al zara umee­kin edo lan haundia al da zure­tzat?
Bere lana ematen du, baina gustura nago eta haurrak eta alabak ere kontent dira. Gainera, hemen ez dago bertze lekurik hau­­rrak uzteko. Ba­tzuek Sara­ra  eta Elizondora eramaten dituzte, baina pena da hemen haurrendako horrelako tokirik ez izatea.

• GOIZUETAKO Mª PILAR ESKUDERO BILOBEN UMEZAIN                                                                      

«Bilobekin nagoenean,  disfrutatu egiten dut»

Noren haurrak zaintzen dituzu?
Alde batetik, alabaren bi mutikoak eskolara eraman, bazkaria eman eta eskolara eramaten ditut. Gero 18 hilabeteko beste biloba bat ere badut, eta amak lana baldin badu, kalera ateratzen dut. Beste bi mutiko biloba ere baditut, eta arra­tsaldez ama lanean badago, nirekin izaten dira. Gainerako bilobak Hernanin bizi dira.
Zer egiten duzu eurekin?
Paseatu, jolastu... Denetarik.
Lan haundia al da zuretzat?
Batzuek hala esaten dute, baina niretzat ez. Oso pozik egoten naiz eurekin. Gainera, alargun gelditu nintzen eta bilobak nire bizipoza izan dira. Bilobekin nagoenean, disfrutatu egiten dut.
Zure seme-alaben heziketa eta bilobena diferentea al da?
Bai, oso diferentea.

• Baztan haur eskola                                                                                                                          

Italiako ereduan oinarritutakoa

• 0-3 urtekoen zerbi­tzua.
• 72 haur (Baztan, Urdazubi, Sunbilla eta Ituren).
• Haur eskola zaharrak. 20 urte egin zituen, eta berria iaz zabaldu zen.
• Udal haur eskola da, baina kudeaketa pribatua du. Halere, Udalak eta Gobernuak arau­­tzen dute funtziona­men­dua.
• 07:45etik 16:15era zabalik (lau eta zortzi or­du­ko zerbitzuak: 09:00-13:00 eta 08:00/ 09:00-15:00/16:00).
• Jangela aukeran.
• Instalazioak: plaza –erdi­gunea, guraso, hezi­tzai­le eta haurren elkargune eta jolastokia–, 3 ku­bo –adinaren arabera, bakoitzak gela, komuna eta jangela–, taile­rrak...
• Kuota gurasoen erren­taren arabera.

 

• Berako haur eskola                                                                                                                       

Kudeaketa pribatua duen eskola

• 0-3 urtekoen zerbi­tzua.
• 51 haur (Bera eta bakar batzuk Bor­tzirietako bertze herrietakoak).
• 2003tik zabalik.
• Udal haur eskola da, harrera publikoa duena, baina kudeaketa pribatua du. Hala ere, Nafa­rroako Gobernuak eta Udalak arautzen dute funtzionamendua.
• 08:00etatik 16:00etara irekia (4 eta 7 orduko zerbitzuak aukeran: 08:00/ 09:30- 12:00/13:00- 15:00/16:00).
• Jangela aukeran.
• Instalazioak: haurren­tzako lau gela, bi logela eta bi komun, patioa eta laster bertze gela bat, jangela eta psikomotrizi­taterako erabiliko dena...
• Kuota gurasoen errentaren araberakoa.

 

• Doneztebeko Haur Eskola                                                                                                               

Urtebete eskola berrian

• 1-3 urtekoen zerbi­tzua.
• 44 haur (Doneztebe, Sunbilla, Donamaria, Legasa, Zubieta eta Ituren).
• Joan den urtean zabaldu zen.
• Udal haur eskola da, langileek Udalaren­tzat egiten dute lan.
• Goiz-arratsaldez zabalik (lau eta zortzi orduko zerbitzuak aukeran: 07:30-15:30/ 09:00-17:00/ 09:00-13:00).
• Jangela aukeran.
• Instalazioak: hau­rren bi gela –bat bikoitza eta bertzea sinplea–, erabilera ani­tzeko gela, tailerrak egiteko gela, patioa...
• Kuota gurasoen erren­ta aitorpenaren araberakoa.

 

• Leitzako Haur Eskola                                                                                                                       

Aurten eskaera ttikia

• 1-3 urtekoen zerbi­tzua.
• 29 haur (Leitza eta Areso).
• 1988tik zabalik.
• Udal haur eskola da. 2003an Udalak eta Nafarroako Gobernuak sinatutako akordioaren bidez, fi­nan­tza­zioa Udalak, Gobernuak eta gurasoek egiten du­te.
• Aurten 08:00etatik 13:00etara zabalik, eskaera ttikiagatik. Aurre­ko urteetan 08:00­etatik 16:00etara.
• Jangela zerbitzurik ez aurten, eskaera ttikia izan delako. Aurreko urteetan, ordea, izaten zen.
• Instalazioak: hiru gela, bi patio, lorategia, taile­rrak...
• Kuota gurasoen erren­taren arabera.

• Sarako Haurtzaindegia                                                                                                                    

Eskolan ari direnentzako zerbitzua

• Haurtzaindegia 2-11 ur­tekoentzat da eta ikas­te­txe­ra sartu aitzineko eta ikastetxetik atera ondorengo zerbi­tzua da. Opor egunetan Haur Bilgunea zabalik, 3-12 urte­koen­tzat.
• 20-30 haur (Sara, Urdazu­bi eta Senpere).
• Herriko Etxeak iaz hartu zuen ardura, ordura arte Larrun Ttiki elkarteak kudeatu zuen.
• Haur Bilgunearen ordu­tegia 07:30-18:30; Haur­tzain­de­giarena 07:30-08:50/16:30-18:30.
• Jolastokia, liburutegi bilakarazten ari diren gela, panpinen txokoa...
• Kuota, Haur Bilgunean eguneko 10 euro eta Haurtzaindegian 2 euro eguneko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun