Haurrentzako albumak sortzeko Etxepare Saria Amezketako Mikel eta Maite Gurrutxaga anai-arrebek irabazi dute

TTIPI TTAPA 2010ko mar. 9a, 10:45

Mikel eta Maita Gurrutxaba anai-arrebak suertatu dira irabazle. TTIPI TTAPA

2010eko sarirako lanak azaroaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dira Leitzako Udaleko Euskara Zerbitzuan

Amezketako Mikel Gurrutxaga idazleak eta bere arreba Maite Gurrutxaga ilustratzaileak aurkeztutako “Alex nire munstro-lagun on-ona” egitasmoak irabazi du 2009ko haurrentzako albumak sortzeko Etxepare Saria. Aurkeztutako zortzi egitasmoen artean, anai-arreba hauena aukeratu du Patxi Zubizarreta eta Miren Agur Meabe idazleek eta Mikel Valverde eta Aitzibel Alonso liustratzaileek osatutako epaimahaiak. Sari bakarra eman da, 6.000 eurokoa, egile eskubideen aurrerapen moduan eta saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratuko du euskaraz eta Faktoria K de libros argitaletxeak gaztelaniaz eta galegiz, 2010. Urtean.

Hainbat toki entitatek, haien Euskara Zerbitzuen bitartez, (tartean Baztango Udala, Bortzirietako Euskara Mankomunitatea, Malerrekako Mankomunitatea eta Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatea) Nafarroan literatura sari esanguratsu baten hutsunea zegoela ikusirik, eta, beraz, literatur lehiaketen alorrean erreferentzia izanen zen saria sortzeko xedearekin, Etxepare literatur sariak antolatu zituzten 2004an. Etxepare sariek haur, gazte eta helduentzako literatura saritu zuten bi ediziotan.

2006tik aitzinera, Etxepare haurrentzako albumak sortzeko beka bihurtu zen, euskaraz sortutako albumen produkzioa sustatzeko helburuarekin. Izan ere, euskaraz argitaratzen diren album gehienak itzulpenak dira, eta ez euskaraz sortuak. Euskarazko album ilustratuen sorrera bultzatzen duen beka edo lehiaketak urriak dira, eta, alde horretatik, ekimen berritzailea dugu hau.

2009an Etxepare beka izateari utzi eta saria bilakatu zen. Horiek horrela, lehiatu diren albumak bukatuta aurkeztu dituzte lehiakideek.

 

 

2010eko sariketara lanak aurkezteko epea zabalik

2009ko sariak eman orduko, 2010eko sariketarako lanak aurkezteko epea zabalik dago, azaroaren 30a bitarte. Lanak Leitzako Udalaren Euskara Zerbitzuan aurkeztu behar dira egun hori baino lehenago. Jakingarri gehiago, www.etxeparesaria.net webgunean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!