Baztan-Bidasoaldean dependentzia duten pertsonei arreta eskaintzeko ikastaroa osatu dute 15 emakumek

TTIPI TTAPA 2010eko martxoaren 8a

Joan den ortziralean egin zen enplegu-tailerraren itxiera ekitaldia. TTIPI TTAPA

900 orduko formakuntza egin dute eta praktikak eskualdeko Zahar Etxetan

Baztan-Bidasoaldean dependentzia duten pertsonei arreta eskaintzeko zerbitzuetan lan egin nahi duten 15 emakumeri formakuntza eman dien bigarren Enplegu Tailerraren itxiera ekitaldia egin zen martxoaren 5ean Lesakan. Cederna-Garalur erakindeak kudeatzen du tailerra eta UPN-Inafre erakundearen laguntza izaten du, baita Nafarroako Gobernuaren Enplegu Zerbitzuaren (SNE), Europear Gizarte Funtsaren eta Doneztebe, Bera, Lesaka eta Baztango udalen dirulaguntza ere.

Eskualdeko hamar herritako emakumeek parte hartu dute tailerrean, Bera, Lesaka, Etxalar, Arantza, Doneztebe, Legasa, Narbarte, Zubieta, Elizondo eta Azpilketakoak. Jatorriz, Brasil, Portugal, Nigeria, Txile, Errumania eta Perukoak dira horietako batzuk eta alde horretatik, Jose Luis Ruiz Ciruelos Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendariak aipatu zuenez, “formakuntza kualifikatua eskaini diogu, lan merkatura sarbide zaila duten bi talderi, emakumeei eta inmigranteei”.

 

Praktikak

Itxiera ekitaldian izan ziren Bera, Lesaka eta Baztango alkateak, baita Doneztebeko udal ordezkariak ere, baita Cederna-Garalur erakundeko Luis Garate presidentea eta Esther Celaya zuzendaria edo emakumeek praktikak egin dituzten zahar etxeetako arduradunak ere. Hain zuzen, 2009ko irailetik hasi eta 2010eko martxora bitarte 900 orduko formakuntza egin dute emakume hauek eta aunitz, Elizondoko Benito Menni eta Francisco Joaquin Iriarte, Lesakako Andra Mari eta Berako San Jose Zahar Etxetan egindako praktika orduak izan dira.

Juan Fermin Mitxelena Lesakako alkateak emakumeak zoriondu zituen eta lehenbiziko bi urteak Lesakan eman ondotik, tailerrak Donezteben segida izanen duela adierazi zuen. Ikasleak ere kontent agertu ziren. Itziar Ortuostek aipatutakoaren arabera, “formakuntza honi esker, lan hau egiteko prestuago ikusten dugu gure burua eta konfidantza ematen digu lan merkatura ateratzeko”.

Edurne Garro, tailerreko zuzendariak jakinarazi duenez, “tailerrean parte hartu duten hiru emakumek zonaldeko etxez etxeko arreta zerbitzun parte hartzeko oposaketa gainditu dute eta bertze batzuk, erresidentzietako lan eskaintzak dituzten eta hori kontuan hartu behar da, bizi dugun langabezi egoera kontuan hartuta”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun