Arkaitz Goikoetxea erraz nagusitu zen igandean Atarrabian jokatu zen Nafarroako Bertsolari Txapelketaren azken finalaurrekoan. Aizarotzeko saioan utzitako inpresio ona berretsi zuen Lekunberrin bizi den bertsolari oiartzuarrak, saio polita eta erregularra egin zuen eta finalerako zuzeneko txartela eskuratu zuen. Lehen aldiz arituko da Nafarroako Txapelketako finalean.
Giro ezin hobea izan zen Atarrabiako Indurain Anaiak kiroldegian. 300dik gora lagun hurbildu zen saioa ikustera, eta bertsozaleek ederki pasa zuten. Nafarroa Oinezekin elkarlanean antolatutako saioa izan zen, Paz de Ziganda ikastolak aste osoan egin duen Bertso Asteari akabaila eman ziona.
Zaleen artean, Sakanatik etorritakoak nabarmendu ziren bereziki. Eneko Lazkoz etxarriarra gogoz animatu zuten eta egundoko poza hartu zuten horrek bigarren postua eta finalerako txartela lortu zuela jakitean. Lazkozentzat ere lehenengo finala izanen da.
Ez zuten horrenbesteko zorterik izan finalaurreko gainerako bertsolariek. Azken urteotako ohiko finalistetako batek, Jon Barberenak, hirugarren egin zuen eta puntuek finaletik kanpo utzi zuten. Barberenaren atzetik, Jon Elizetxe, Oier Lakuntza eta Aimar Karrika sailkatu ziren, hurrenez hurren.
Honakoa izan zen puntuazioa:
Arkaitz Goikoetxea 415 puntu
Eneko Lazkoz 387,5 puntu
Jon Barberena 374,5 puntu
Jon Elizetxe 372,5 puntu
Oier Lakuntza 362,5 puntu
Aimar Karrika 356,5 puntu
Nobedade ugari aurtengo finalean
Atarrabiako azken finalaurrekoa bukatuta, osatuta gelditu da martxoaren 20an Lesakan arituko den zortzikoa: Julio Soto, Arkaitz Goikoetxea, Xabier Legarreta, Estitxu Arozena, Oskar Estanga, Xabier Terreros, Eneko Lazkoz eta Julen Zelaieta.
Nobedade dezente izanen ditu aurtengo finalak. Bi bertsolarik, Goikoetxeak eta Lazkozek, lehen aldiz hartuko dute parte finalean eta iazko finaletik soilik hiruk errepikatuko dute: Julio Sotok, Xabier Legarretak eta Julen Zelaietak.
Salgai dira Lesakako finalerako sarrerak
Dagoeneko salgai dira martxoaren 20an Lesakako pilotalekuan jokatuko den finalerako sarrerak. Horiek eskuratzeko bi modu dago:
- Internetez, www.bertsosarrerak.eu web gunean
- Nafarroako honako saltokitan: Iruñea (Karrikadenda), Elizondo (Fantxike), Leitza (Maimur liburudenda), Lesaka (Okindegia) eta Etxarri-Aranatz (Xapatero taberna).
Iazko Txapelketan finalerako sarrerak akautu egin ziren eta jende aunitz gelditu zen finala zuzenean ikusi ezinik. Aurtengo finalean aforoa zertxobait handiagoa da; hala ere, komeni da sarrerak lehenbailehen hartzea.