Euskaraz Blai Euskarazko Udalekuak eskainiko dituzte aurten ere Beintza-Labaiengo eta Arantzako aterpetxetan

TTIPI TTAPA 2010eko martxoaren 8a

Joan den ortziralean egin zuten Euskaraz Blai kanpainaren aurkezpena Bertizko Partzuergoaren egoitzan. TTIPI TTAPA

Nafarroako Gobernuak ez du aurtengo kanpaina lagunduko, bai ordea Bertizko Partzuergoak

Arantza Aterpeak, Beintza-Labaien aterpetxea eta Bertizko Turismo Partzuergoak Euskaraz Blai Euskarazko Udalekuak kanpaina aurkeztu zuten joan den ortziralean Partzuergoaren egoitzan. 11 urte beteko ditu aurten kanpainak eta bertan parte hartzen duten Arantzako “Aterpea” eta Beintza-Labaiengo Orbela aterpetxeek ekimen honen bidez jarraipena eman nahi diote euskarazko udalekuen proiektuari, krisia dela eta aurten Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza ez izan  arren.

Proiektu honen eragina bi herri hauetako ekonomian eta lan arloan nabaria dela azpimarratu zuten, bertzeak bertze 7 lagun aritzen baitira aterpetxeetan, 8 begirale dinamizatzaile, 40 autobus bidaia kanpainan zehar…

 

Iaz 120 euro, aurten 180 euro

Bi aterpetxeek, Nafarroako Gobernuarekin orain arte egin duten  bezala, kanpaina bera eskaintzeko konpromisoa hartu dute, ekainaren 21etik abuztuaren 28ra. Lehen Hezkuntzako 8 eta 12 urte arteko eta DBHko 13 eta 16 urte arteko 900 ikaslerendako lekua eskainiko dute, 6 eguneko egonaldietan, 10 aste aterpe bakoitzean. Aurtengo prezioa asteko 180 eurokoa izanen da.

Nafarroa osoko ia 1.000 ikaslek parte hartu zuen 2009ko kanpainan; orduan, eta administrazioaren laguntzarekin, prezioa 120 eurokoa izan zen. Aurten, bi aterpetxek ahaleginak egin dituzte dute udalekuen prezioa ahal den gutxien igotzeko.

 

Bertizko Partzuergoaren laguntza

“Euskarazko Udalekuak - Euskaraz Blai” proiektuak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Euskara Atalaren onikusia jaso du eta Europa mailako onespena du. Halaxe, Arantzako Aterpek eta Beintzako Orbela aterpeak giza talde eta ikastetxeekin proiektu ezberdinen kudeaketan esperientzia handia erakutsi dute azken urteotan. Antolakuntza aldetik, aurtengo kanpainak Bertiz Partzuergo Turistikoaren laguntza jaso du eta bertan informazio gehiago aurkitzen ahal da, www.consorciobertiz.org webgunean, udalekuak@consorciobertiz.org helbide elektronikoan edo astelehenetik ortziralera, 08:30etik 15:00etara 948 592323 telefonora deituz.

Proiektuaren ardunadunak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailarekin harremanetan daude, aurten aurrekontuetan dirulaguntza zuzenik ez izan arren, 10 urtez iraun eta nafar gizartean sustraitu den proiektu honek zeharkako dirulaguntza izan dezan. Hala bada, laguntza hau proiektoaren hobekuntzara bideratuko da (haurrentzako hiztegi praktiko bat, azkeneko egunean jarduera berezi bat,...).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun