Mugarik gabeko telebista kanpainaren alde sinadurak biltzeko epea otsailaren 25etik maiatzaren 15era luzatu dute. Ekimena abian paratua duen Acció Cultural del País Valencià elkarteak adierazi bezala, kanpaina erritmo onean doa, eta dagoeneko 400.000 sinaduratik goiti bildu dira, baina gehiago behar dira, 500.000ko kopurua gainditzea beharrezkoa baita.
Herrialde Katalanetan hasitako kanpaina Hego Euskal Herrira hedatu zen Nafarroan Euskal Telebistan ikusten segitzeko eta eskubide hori legez bermatua izan dadin eskatzeko. Hala, urtarrilaz geroztik sinadurak biltzen aritu dira herrietako udalak eta Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza eta Kontseilua eta parte-hartzea «oso inportantea» izaten ari dela adierazi du Euskaltzaindiak, Nafarroan batez ere, helburua ETB Nafarroan ikusten segitzea baita.
18 urtetik goitiko herritarrek dute sinadura egiteko aukera eta datuak Nortasun Agirian ageri diren bezala idaztea ezinbertzekoa da, bertzela, ez baitira onartuko.