«Bi zutabe ditu erreformak: pentsioen erreforma basatia eta lan baldintzen erreforma bortitza»
Sarri entzuten ari gara lan erreforma aukeztu duela Zapateroren gobernuak kongresuan. Bertze zenbat aldiz entzun dugu 2010. urtean krisi ekonomikotik aterako ginela? Burla bat krisia pairatzen duten langileentzat. Bi ardatz dituen lan erreforma bat aurkeztu zuen kongresuan, ondotik sistemaren sindikatu diren UGT eta CCOOek negoziatzeko. Bi zutabe ditu erreformak; pentsioen erreforma basati bat, eta bertzetik lan baldintzen erreforma bortitza. Jubilatze adina 65 urtetik 67ra atzeratu eta pentsio bat lortzeko baldintzak gogortu nahi ditu. Lotsagarria banketxe eta enpresariei eman dien diru guztia pentsionistei kendu nahi izatea. Erreforma hau gezurrean oinarritzen da, jendartearen zahartzea argudiatzen dutelako pentsioen sistema sostengaezina dela argudiatzeko. Baina aurten 8.500 milioi euroko superabita egon da! Beraz ez dago neurriok hartzeko arrazoi ekonomiko edo sozialik. Lan erreforma bortitza planteatzen du gobernuak. Ikusirik erretiro adinaren atzeratzeak sorturiko zalaparta, Espainiako Gobernuak lan erreformaren testua leundu egin du. Baina helburuak berdina izaten segitzen du: langileriaren eskubideak gehiago murriztea. Erreforma hori honako neurrien bidez egin nahi dute; kaleratzeengatik kalte-ordainak merketzea, lanaldi partzialeko kontratuak hedatzea, ETT-en jarduera-eremua zabaltzea, baja medikuen gaineko presioa areagotzea eta lan erregulazioak erabiltzeko txeke txuria ematea patronalari (oraindik gehiago!). Beti bezala UGT eta CCOOek proposamena ontzat hartu dute eta gure eskubideekin salerosketan aritzeko prest daude. Honen aurrean zer egin dezake euskal langileriak eta bereziki momentu gogorrak jasaten ari den Baztan-Bidasoako langileriak? Mobilizazioa eta borroka dira egoera honeri aurre egiteko modu bakarra. Patronalari, gobernuari, eta sistema hau sostengatzen duten alderdi politiko nahiz sindikalei, ezetz erran behar diegu, ez gaudela prest berriz ere dena irensteko eta nahikoa dela. Urteak daramazkigu gure lan baldintzak nola okertzen diren ikusten, eta orain guk sortu ez dugun krisi bat ordain arazi nahi digute, nahikoa da! Ezin dugu denbora gehiago horrela segitu eta aldaketa behar dugu, sakoneko aldaketa politiko eta soziala. Ezin dugu minutu bat ere Espainiaren eta bere nazio nahiz klase interesak lotzen dituen legediaren menpe egon. Euskal Herriko langileok ez dugu kabidarik hor, eta joku arauak aldatzea da modu bakarra. Beraz, kalera aterako gara langileriak behar duen erreforma sakona aldarrikatzera; hitza eta erabakia emanen digun erreforma, eta herri hau egiten duten gizon-emakumeei lan eta pentsio duinak bermatuko dizkien erreforma.