Endarlatsa eta Doneztebe arteko txirrindulariendako bidea 2012rako egokituko da

Aitor AROTZENA 2010eko martxoaren 4a

Carlos Erce, Juan Ramon Corpas, Martin Garde eta Izaskun Goñi, Bertizko Plan Eragilea sinatzen. Beheitian, Kultura eta Turismo departamentuko ordezkariak Baztan Balleko udaleko ordezkariekin, Elizondo

Bertiz eskualderako Plan eragilea sinatu dute astearte goizean Nafarroako Gobernuak eta Bertizko Partzuergoak

Endarlatsa eta Doneztebe artean txirrindulariendako Bidea gauzatzen aurten hasiko dira eta 2012 urterako akitua egotea espero da. Honelaxe jakinarazi du astearte goizean Bertizko Partzuergoko Izaskun Goñik, Nafarroako Gobernuak eta Partzuergoak eskualderako plan eragilea sinatu dutenean. Hain zuzen, horixe izanen da eskualdean turismoa bultzatzeko eginen diren ekimenen artean lehenbizikoa, Endarlatsa eta Doneztebe arteko bidea egokitzea, Euroveloren baitan, Baiona eta Iruña lotuko dituen bidearen barnean. Mugaz gaindiko proiektu honen bultzatzaileak Bertizko Partzuergoa eta Bidasoa Activa dira hegoaldean eta Pirinio Atlantikoko Kontseilu Orokorrak iparraldean. Endarlatsa-Doneztebe zatiari dagokionez, 873.003 euroko aurrekontua izanen du, 796.664 euro inbertsio gastuetarako eta 76.338 bertze ekimenetarako. Inbertsio gastuetatik %65a, 517.832 euro FEDERen funtsatik ordainduko da eta  %35, 278.832 euro, Nafarroako Gobernuak. Seinaleak, promozioa, webgunea edo komunikazio arloak hartzen dituzten bertze ekimenetara bideratuko diren 76.336 euroetatik %35 Bertizko Partzuergoak ordainduko du eta %65 FEDERen funtsatik.

Martin Garde, Bertizko Partzuergoko presidenteak aipatu duenez, etorkizuneko asmoa Doneztebetik Elizondora bidea egokitzea izanen litzateke.

Dena den, Carlos Erce Turismo zuzendariak aipatu duenez, Euroveloren trazatuak Doneztebetik Saldias aldera jotzen du, eta hortik Irurtzunera, Plazaola bidearekin bat egiteko, Iruña bitarte.

 

Bertiz eskualdeko Plan eragilea sinatu dute astearte goizean Bertizko Partzuergoaren egoitzan Nafarroako Gobernuko Turismo eta Kultura kontseilari Juan Ramon Corpasek eta Turismo Zuzendari Nagusiak Carlos Ercek eta Bertizko Turismo Partzuergoko Martin Garde presidenteak eta Izaskun Goñi gerenteak. Plan hori hiru fasetan gauzatuko da. Lehenbizikoan Bertizko gaur egungo egoera aztertuko da, bigarrenean garapen estrategia ikertuko da eta hirugarrenean gauzatu beharreko ekimenak zehaztuko dira.

Juan Ramon Corpasek aipatu duenez, eskualdeak turismo eskaintza zabala dauka eta alde horretatik egin behar da lana, ingurua turismoaren jomuga izan dadin Nafarroaren barrenean.

 

Bertiztik Elizondora

Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Departamentuko ordezkariek Bertiztik Elizondorako bidea hartu dute, Jorge Oteiza Museoaren lehen eta bigarren solairuan, Javier Ciga margolariaren lanak hartzeko egokitu den eremua bisitatzeko. Hain zuzen, museoak Nafarroako Gobernuaren 124.553 euroko dirulaguntza hartu du eremu hori egokitzeko. Iruñeko margolaria hil zela 50 urte bete dira aurten. Gobernuko ordezkariekin batera, Virginia Aleman Baztango alkatea eta Museoarekin lotura duten hainbat pertsona ibili dira, tartean Ana Mari Marin margolaria.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun