Bidaiak

TTIPI TTAPA 2010eko martxoaren 2a

TTIPI TTAPA

Ezkontza prestatzeko harat-honaten eta urduritasunen ondotik, azkenean ezkon-bidaia ailegatu da, ospakizunaren antolakuntzak ekarri duen estresaz deskonektatu eta gozatzeko unea. Bikoteak haina bidai-aukera daude, hirietatik eta kultur proposamenetatik hasi eta aisialdian eta atsedenaldian oina­rritutako jomuga exotikoak bitarte.
Normalean ezkonberriek urruneko lekuren bat ezagutzeko aprobetxatzen dute, hurbilagokoak bertze edozein momentutan bisitatzeko aukera izanen baitute. Batzutan, aukeratutako bidaiak baldintzatzen du ezkontzaren data ere, adibidez, aukeratu dugun urruneko helmugan uda izatea nahi badugu. Leku exotiko eta lasaia bilatzen dutenentzat, Karibea da klasikoetako bat, Punta Cana, Kuba edo Riviera Maya bezalako helmugekin.
Bikote ausartagoentzako edo esperientzia berezia bizi nahi dutenentzako, aben­tu­ra pittin bat duten ibilbideak proposatzen duten bidai-agentziak gero eta gehiago dira. Afrika da gehienetan hartzen dena, aukera ugari eskaintzen baititu.
Ekialde Erdian hainbat aukera daude: Dubaiko luxua eta tradizioa edo Itsaso Hila eta Petra hiria Jordanian. Ekialde Urrunean ere hainbat jomuga izan daitezke. Txina furi-furian dago azkeneko urteetan, baina oraindik orain bikote aunitzek ezkon-bidaia Asian pasatzekotan Tailandia aukeratzen dute.
Hiri handiak maite dituztenek, euren ezkon-bidaia aprobetxatzen ahal dute leku berriak ezagutzeko eta kultur eskaintza zabalaz gozatzeko. New York da aukera erakargarrienetako bat, bere arkitektura-paisaiarengatik, museo eta ikuskizun eskaintzarengatik eta erosketak egiteko moduarengatik. Paris, Roma edo Vienak ere arteaz eta historiaz gozatzeko zirkuituak eskaintzen dituzte.
Eta hor daude kruzeroak ere: Noruegako fiordoetatik hasi eta Mediterraneoko kostaldera bitarte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun