Jatetxeak

ttipi-ttapa 2010eko martxoaren 2a

TTIPI TTAPA

Ezkontza-banketea non egin ongi pentsatu behar da. Ospakizuneko era­baki garrantzitsuenetako bat da, gonbidatuen sozia­lizazioa eta biko­te­aren erlajazioa laguntzen duen lekua delako. Gainera, gonbidatuek ezkontza-ospakizunaren oroitzapen ona gorde behar dute eta, horretarako, ezinbestekoa da otordua egin behar den lekuarekin ongi asmatzea.

Mahaiak eta gonbidatuak nola kokatu izan ohi da ezkongaiek gehien galde­tzen dutena. Mahai bakoitzeko gonbidatu kopurua, guztira bazkaltzen izanen direnen kopuruaren arabera aldatzen da. Ezkongaien nahietara zabalik izaten dira jatetxeak baina, normalean, zortzi eta hamar lagun artean izaten dira mahai bakoitzeko, baina hamabi edo hamaseira ere igotzen dira, lagun, senide edo lankide kopuruaren arabera. Mahaien kokapena ezkogaiekin duten hurbiltasunaren araberakoa izaten da. Ezkongaien mahaiburutik hurbilenak senideak iza­ten dira, gero lagunak eta urrunenak lankideak.

Menurik egokiena                                                                                                                           

Gastronomia adituen arabera, bikoteek menu tradiziona­lak aukeratu ohi dituzte. Bikoteek ez dute berritzeko arriskurik hartzen eta haragi eta arrainei garrantzia ematen segitzen dute.
Ongietorriko zizka-mizka goxo batzuek hasiera ona ematen diote bazkariari baina, beti ere, bazkaltiarrak betetzen ez baditu. Kopuru aldetik ere ongi begiratu behar da eta, horretarako, sarrerako bizpahiru plater paratzea aski da, gonbidatu guzien ahoa gozatzeko.
Segidan, arrainki plater batek eta haragiko bertze batek, indarra eta gozotasuna konbinatzen dute eta jatetxeko espezialitateak ezagutzera emateko baliagarriak dira. Ezin ahantzi plater bat eta bertzearen artean zerbi­tzatzen den sorbetea, zapore nahasketarik ez gertatzeko.
Postrea izanen da otorduko ginda eta, honetan, teknika eta konbinazio berriak esperimentatzeko eta berrikuntzak egiteko aukera izaten da, gonbidatu guztien gozagarri. Arestian aipatu bezala, kopuruan ere neurriz ibili behar da, ezkontza-tarta mozteko orduan oraindik jateko gogo pixka bat izateko.  Orduan hasten dira kaba (edo txanpain) botilak irekitzen eta ohiko Gora ezkonberriak! aditzen. Tentsio eta urduritasunak alde batera utzi eta zoriontasuna eta zoramena abiatzen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun