Elizaz egindako ezkontza “betikoa” dela diote aunitzek, eta zibilez ezkontzea “modernokeria” dela iruditzen zaie. Bada, gezurra badirudi ere, Nafarroako Foru Orokorraren arabera, Erdi Aroan Nafarroan ezkontza zibila izan bazen, apezarik gabe bi lekukoren testigantza aski izaten zen guziz baliagarria izateko. Harrigarria dirudi, erraztasun berdinarekin bertan behera utz zitekeen ezkontza, kontratua hautsiz. Horrek, Elizaren protesta ekarri zuen “lehenbiziko senarra edo emaztea oraindik bizirik zegoenean, bigarrenez edo hainbatgarrenez ezkontzeko ahalke ez zirenen kontra”. 1563an Trentoko Kontzilioak ezkontza hauek adulterotzat jo zituen eta bakar-bakarrik apezaren aitzinean egin eta parrokiako liburuan sinatzen zirenak onartzen hasi zen. Bertzeak, itxura denez, betiko suan erreko ziren. Orduan, elizako epaitegiak Nafarroako Foruaren arabera egindako ezkontzak salatzen hasi ziren. Orduko epaiketetako agiriek agertzen dutenez, ezkontza-formula euskaraz ere egiten zen hainbat herritan.
Adibide bat: 1552an, Zufiako bi ezkongaiek, Mari-Miguel eta Diegok eskuin eskua elkar hartu eta honako solas hauek erran zituen senargaiak: “Nic Diego de Zufia ematen drauzut fedea zuri María Miguel ez verçe senarric egiteco”. Emaztegaiak arrapostu: “Alaver nic Mari-Miguel ematen drauzut zuri Diego neure fedea ene senarçat eta ez verçe senarric egitecoz zu bayci”. Beraz, fideltasun hitza bertzerik ez zuten ematen.
Baina nonbait Diego damutu egin zen beranduago eta bere hitza baldintzatua eman zuela adierazi: “Nic ematen drauzut neure fedea valdin Yo baneça aren senar içateko” erran omen zuen. Yo baneça horrekin emaztearekin larrua jotzeko baldintza ezarri omen zuen nonbait Diegok. Horrelakorik lortu zuen edo ez zuen lortu ezin jakin, baina Nafarroako epaitegiek Forua segituz balioa eman zioten ezkontzari. Baina dagoeneko Nafarroa ez zen erresuma independientea eta Trentoko irizpidea nagusitu zen. Diegok Zaragozan lortu zuen ezkontza baliogabetzea.
Utergako Juana eta Adioseko Martinek gisako formula erabili zuten ezkontzeko, senarra damutu baino lehen. Eskuin eskua hartuz eta hika eman zuten hitza: “Nic Martín y Joanna arçenaut neure alaroçaat (?) eta hic arnaçan yre esposoçat eta prometaçen dinat ez vede emazteric eguiteco y baycen viçi nayçen artean eta guardaçeco lealtadea ala fede, ala fede, ala fede”. Eta Juanak erantzun: “Nic Juana y Martín arçenaut eure sposoçat eta hic arnaçan yre esposoçat eta prometaçen diat ez vede senarric eguiteco y baycen viçi nayçen artean eta guardaçeco lealtadea ala fede, ala fede, ala fede”.
Jose Mari Esparza
Zer da harrigarriago? Duela lau mende Nafarroako hain hegoaldean dauden herrietan euskaraz hain bizi somatzea edo ezkontzeko eta dibortziatzeko halako erraztasuna izatea? Lekuko zibilen aitzinean eskuak hartu eta leialtasuna hitz ematea aski zen ezkontzeko, baita adio errateko ere. Gauza naturalago eta ederragorik!