Emaztegaiendako jantziak

TTIPI TTAPA 2010eko martxoaren 2a

TTIPI TTAPA

Emaztegaiendako jantzien 2010erako joerak inspirazio erromantikoa eta bukolikoa duten diseinuetara bideratuak daude, emakumearen gorputzera ongi egokitzen direnak eta eskote pikoekin.
Oihalei dagokienez, arinak eta finak izanen dira, zetazkoak edo gasazkoak, zilar eta kristalezko adornuekin, retro estiloaren aldeko apustua egiten duten emaztegai erromantikoendako. Kolore txuriak eta gordinak izanen dira, baina badira ausartagoak ere, beltzean egindako diseinuak, konparaziora. Xehetasunek (brodatuak, ha­rribitxiak…) testura emanen diote jantziei eta aukera zabalagoa izanen da estiloa eta mozketari dagokionean. Betiko printzesa jantzia oraindik ere hagitz erabi­lia bada ere, emaztegaiarendako mesedegarriagoak diren eta gorputzera hobeki egokitzen diren jantziak ikusten ari dira. Izan ere, jantziek emakumearen edertasuna nabarmendu egin behar dute. Erraza dirudi, baina auniztan andregaiek, azken joerak itsuki segitzearren, mesede egiten ez dieten modeloak aukeratzen dituzte eta bere ezkontza-egunean ez eroso sentitzen bukatzen dute.
Adornu gisara, kolorea ematen duen lore itxurako apaingarri bat jartzen ahal da beso gainean, edo jantzian. Horrek ukitu gozo eta xarmangarria emanen die andregaiei. 2010erako eskoteek besoak age­rian uzten dituzte, joan den urtean hain era­bilia eta ezaguna den “palabra de honor” delako mozketarekin. Gorputz estuko eta gona zabaleko jantziak ere present daude andregaiendako kolekzioetan, denentzako gomendagarriak baitira. Neskaren “baliabideak” nabarmendu eta “akats ttikiak” (bular ttiki edo handiak, gerrialde edo aldaka zabalak…) gordetzeko egokiak dira. Beharbada andregai ttiki eta pottoloendako ez da ego­kiena, lauki efektua emanen baitio, altuera kenduz eta zabalera emanez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun