Ikusmin ikaragarria sortu zuen otsailaren 21ean Doneztebeko pilotalekuan Malerrekako lau lagunek egindako aizkora desafioak, sekula baino zale gehiago bildu baitzen Hilario eta Migeltxo Mindegia osaba-iloben eta Joseba Andiarena Bordazuri eta Juanito Mariezkurrena Arroxeneren kontrako apustua ikustera. Guztira 910 sarrera saldu ziren eta ikusleak milatik gora.
Lauen artean, Hilario zen plazan ibilitako bakarra. Euskal Herriko Bigarren Mailako txapela ere lortutakoa da, baita hainbat apustutan ibilitakoa ere. Donezteben, 51 urterekin oraindik sasoiko dagoela erakutsi zuen. Hiru gazteek ere lan txukuna egin zuten.
Minutuko aldea
Zortzi kanaerdiko mozteko lana hartu zuen bikote bakoitzak eta 3.000 euro paratuak zituzten jokoan. Lan erdiak eginak zituztenean, minutu erdiko aldea atera zieten Mindegiatarrek, eta bukaeran, berriz, minutu eta segundo batekoa. Lanak akitzeko 15 minutu eta 19 segundo behar izan zituzten Mindegiatarrek, eta 16 minutu eta 20 segundo Andiarenak eta Mariezkurrenak. Garaipena, beraz, osaba-iloben alde.
Hortik haratago, Malerrekako aizkora zaletasuna asetzeko hitzordu ederra izan zen lau aizkolariek eskainitakoa, eta batek baino gehiagok aipatu omen zuen horrelakoak hilabetero egin behar direla.