Larretxea aita-semeak nagusitu dira Binakako Urrezko Aizkolarien txapelketan

TTIPI TTAPA 2010ko mar. 2a, 09:52

Zilarrezko kategorian Olano eta Saralegi leitzarrak gailendu dira

Donatok eta Oihan Larretxea aita semeek irabazi zuten larunbatean Binakako Urrezko Aizkolarien txapelketa, finalean Joxe Etxebeste eta Joxemari Olasagasti igeldoarrak menpean hartuta. Abudo erabaki zen finala, bigarren lanean, zutikako oinbikoa moztu behar zutenean. Hor igeldoarrek ez zuten asmatu epaiarekin eta ia minutu bat galdu zuten. Hortik aitzinera larretxeatarrek dena kontrolpean izan zuten.

45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu ziren hasteko, eta horixe izan zen gipuzkoarrek irabazi zuten proba bakarra. 43 kolpetan moztu zuten enborra eta bi segundu kendu zizkieten larretxeatarrei. Hortik aurrera txapeldunak nagusi izan ziren.

Bigarren lanean zutikako oinbikoa txanda librean moztu behar zuten, eta finala erabaki zuen horrek, arestian aipatu bezala. 3 minutu eta 52 segundotan moztu zuten nafarrek, eta gipuzkoarrek, berriz, 4 minutu eta 40 segundotan.

Hirugarrengoan, bi 45 ontzako moztu behar zituzten, bakoitzak bana eta berriro ere larretxeatarrak gailendu ziren. 1.25 izan zen beraien denbora eta 1.42 gipuzkoarrena. Laugarrengoan, 45 ontzako bat zutik eta bertzea etzanda moztu zuten, 2 minutu eta 2 segundotan larretxeatarrek eta gipuzkoarrek 18 segundo gehiago behar izan zituzten. Azken-aurreko lanean, 80 ontzako enborra zuten mozteko, eta berriro ere Donato eta Oihan izan ziren garaile. 4 minutu eta 2 segundo behar izan zituzten enbor handi hori botatzeko, eta 23 segundo gehiago behar izan zituzten igeldoarrek.

Azkeneko lanean, bi 45 ontzako, bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko moztu behar zituzten. Larretxeatarrek 18 minututan bota zituzten eta Olasagastik eta Etxebestek 18 minutu eta 55 segundotan. Guztira, lan guztiak burutzeko, 30 minutu eta 6 segundo behar izan zituzten Donatok eta Oihan Larretxeak, eta 32 minutu eta 45 segundo, berriz, Etxebestek eta Olasagastik. Garaipen honekin, Donatok bere bosgarren txapela jantzi zuen, azken hirurak segidan gainera. Lehendabizikoa Mikel Mindegiarekin irabazi zuen, gero Xabier Mindegiarekin, ondorengo biak Atutxarekin, eta azkena, bere semearekin. Oihanek, 19 urte besterik ez dituenak, bere lehen final handian txapela lortu du, eta etorkizun handia duela garbi utzita. Aita-semeak kontent zeuden, elkarrekin lortu duten lehen txapel honekin, lehen aldia baita maila honetako txapelketa batean aita-semeek garaipena lortzen dutena.

 

Zilarrezkoan leitzarrak nagusi

Maila nagusiko finalak izan ez zuen emozioa izan zuen bigarren mailakoak, izan ere, Olanok eta Saralegik bost segundoko aldea lortuta irabazi baitzuten Mugertza anaien aurka.

Txapeldunek abiadurako proba guztiak irabazi zituzten, baina iraupenekoa mutrikuarrek bereganatu zuten eta ia txapela ere jantzi zuten, gertu izan baitzuten garaipena.

45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan moztu izan zen lehen proba, eta Saralegik eta Olanok irabazi zuten, enborra 30 kolpetan botata eta seiren aldea kenduta.

Segidan, bi 45 ontzako moztu behar zituzten, eta hori ere leitzarrek irabazi zuten. Minutu bat eta 40 segundo behar izan zituzten bi enborrak botatzeko, eta 5 segundoko aldea atera zieten mutrikuarrei. Hirugarren lanean, 36 ontzako bat zutik, eta 45 ontzakoa etzanda moztu behar zituzten, eta txapeldunek berriro 10 segunduko tartea lortu zuten

Azken-aurreko lanean, 60 ontzako enborra txanda librean moztu behar zuten, eta Saralegik eta Olanok minutu bat eta 43 segundotan akautu zuten lana, eta segundo bateko aldea lortu zuten.

Iraupeneko proban, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu behar zituzten. Hemen mutrikuarrek 10 minutu eta 8 segundotan amaitu zuten lana, eta 10 minutu eta 25 segunduan leitzarrek. Denera, 15.50 behar izan zuten Saralegik eta Olanok eta 15.55 Mutrikuko Mugertza anaiek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun