Saio txukuna baina gorabeheatsua egin zuten larunbatean Iruritan Nafarroako Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoan aritu ziren sei bertsolariek. Bat gailendu zen, ordea, bertze guztien gainetik: Xabier Legarreta aranparra. 404,5puntu lortuta, bera izan zen lehena, baita Lesakan martxoaren 20an jokatuko den finalerako zuzenean sailkatu dena ere. Datorren igandeko Atarrabiako azken finalaurreko saioaren emaitzen zain egon beharko dute hurrenez hurren, bigarren eta hirugarren postuan gelditu ziren Julen Zelaieta beratarra (385,5 puntu) eta Iñaki Aleman iruritarra (375 puntu) finalean lekurik izanen duten jakiteko. Eta finaletik kanpo geldituko dira, dagoeneko, iaz laugarren izan zen Iñigo Olaetxea lesakarra (368 puntu), Migel Mari Elosegi Luze leitzarra (359,5 puntu) eta Iñigo Ibarra (331 puntu). Ongi aritu zen lan guztietan Legarreta, eta kartzelako lanean borobildu zuen saioa, lagunen eskutik erretiro festa ederra jaso duen langilearen rolean. Txukun aritu zen Zelaieta ere saio guztian, eta bereziki onak izan ziren Ibarrarekin batera, etxe atarian ikusten zuten iskanbilaren aurrean polizia deitu edo ez deitu eztabaidatzen zebiltzan pisukideen paperean botatako bertsoak. Aleman izan zen, ordea, Gizarte Bilgunea betetzen zuen publikoari algararik handienak atera zizkiona. Bere bertsokera umoretsuaren neurrira heldu zitzaizkion gaiak, eta ez zuen jendea irriz jartzeko aukerarik galdu.
Ahots hutsean
Haize boladak zirela eta, argindarrik gabe zegoen Irurita atzokoan, eta generadore bat eskuratu behar izan zuten antolatzaileek, horregatik. Anekdota horren inguruan bota zituzten Luze eta Legarretak atzoko bertsorik onenak. Protokolo adituaren paperean zebilen Luze eta sarituarenean Legarreta. Sari banaketarako eraman beharreko arropari buruz aholku eske zebilela, ordea, argindarra joan, eta indarrik gabe gelditu ziren mikrofonoak, eta Legarretak bere ordez joateko eginiko proposamenari ahots hutsez erantzun zion Luzek.