Ustezko sorginen kontrako auzien Europako lehen oroigarria estreinatu da gaztelu aitzinean

Franck DOLOSOR 2010ko mar. 1a, 13:29

Nestor Basterretxea zizelkaria Herriko Etxean. Bere ondoan, Jean Michel Bedaxagar kantaria eta arotza, auzapeza eta Lapurdi 1609-2009 elkarteko lagunak. Franck DOLOSOR

40 000 euroko gastua sortu du Basterretxearen zizel lanak

Txalaparta, bertsuak, aurreskua, musika, dantza eta kantua... Denetatik izan da Nestor Basterretxearen zizel lanaren estrena egunean. Gazteluaren ondoan ikus daiteke oroigarri hau, gisa huntan Europan egin den lehena. Arte obra hunek omendu nahi ditu duela 400 bat urte Lapurdin epaitu ziren ustezko sorginak.
Eskoletako liburuetan agertzen ez den historia hau gogorat eka­rri nahi izan du Lapurdi 1609-2009 elkarteak. Lapurdiko ondarea eta historia arrunt folkloriza­tuak direla uste du elkar­te hunek eta beraz, memoria landu behar dela. Azken hilabeetan, animazio andana prestatu du gure arbasoen izena eta izana hobe ezagutu di­tzagun eta horien artean Basterretxearen zizel lana. Aldi guziz aipatu da zehazki zer gertatu zen Lapurdiko itsas hegiko herrietan, eta bereziki Senperen.
Nestor Basterretxearen zizel lana egina izan dadin eta gazteluaren aitzinean ezarria izan dadin, Herriko Etxeak bere laguntza eman du. Christine Bessonard andere auzapezak dio historia hau biziki interesgarria iduritzen zaiola. Bere erranetan, gogoan izan behar da, «senpertarrak ez zirela akort orduko agintariekin, eta emazteak libreak eta arduratsuak zirela».

Gipuzkoan bizi den bizkaitar bat Senperen
Nestor Basterretxea Bermeon (Bizkaia) sortu zen 1924an. Zizelkari ospe­tsua izateaz gain, margolaria eta zinema zuzendaria ere bada. Frankismoagatik, gaztea zelarik Donibane Lohizunen bizi izan zen bi urtez eta gero Argentinarat joan zen familiarekin, bere aita EAJko kidea baitzen.
Basterretxeak bi mugimendutan parte hartu izan du: lehenik Iba­rrola eta Oteizarekin, eta gero Chillida, Zumeta eta Sistiagarekin. 1966an, Ama lur filma zuzendu zuen eta 12 urte geroago, Donostiako Zinemaldiko zuzendaria izan zen. Eusko Ikaskuntzak Lagun Onari saria eman izan dio bere ibilbidea goraipatzeko.
Basterretxeak ongi ezagutzen du as­­­pal­ditik Lapurdin duela 400 urte gertatu ziren epaiketen historia. Gertakari biziki hunkigarria iruditzen zaio eta lan haundirik ez omen du izan oroi­garria asmatzeko. Gazteluaren aitzinean eza­rri den lanak sorginen erretzeen tokia irudi­ka­tzen du: egurrak eta arantzak, hau da, herritarren sufrimendua. Bas­terretxeak asmatu du obra eta Jean Michel Bedaxagar arotz xiberutarrak egin du lan osoa. Basterretxeak ez omen du xentimo bat ere irabazi lan hunekin.
Zizel lanaren estreina egin aitzin, egun ba­tzuk lehenago, Baste­rretxea Herriko Etxean izan zen eta ideia paregabea aipatu zuen auza­peza eta kultura axuan­­taren aitzinean: Herriko Etxeak gaztelua erosi behar duela museo bat egiteko. Ideia ona dudarik gabe, jakinez gainerat, gaztelua saltzeko dela. Maisuaren hitzak ongi entzunak izan ote diren? Geroak erranen...

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun